Ekimen honen bitartez, txilardiari eremua kentzen dieten espezieen aleak ezabatuko dituzte, Hego Ameriketan jatorria daukan Panpa-belarra (Cortaderia selloana), esaterako. Uribe Kostako itsasertzean dagoen beste espezie aloktono bat Pitosporoa da (Pittosporum tobira), jatorriz Asiakoa, eta landare hori kontrolatzeko lanak ere egingo dituzte. Era horretan, boluntariotza-jardunaldiak helburu bi ditu: batetik ekosistema hauei balioa ematea, eta, bestetik, landare arrotzen arriskuen berri ematea. Jarduerak ordu bi inguru iraungo ditu, eta partaideak Sopelako Ingestabaso kaleko 18. zenbakiaren elkartuko dira, goizeko 09:30ean. Hala, alerik gazteenak eskuz errotik kenduko dituzte eta neurri handienekoak, inausi.
Antolatzaileek gomendatzen dute parte-hartzaileak arropa egokiagaz joatea (mahuka luzeko praka eta kamiseta, oinetako eroso eta itxiak eta txapela), eguzki-krema, ur-kantinplora, eskularruak, inausteko guraizeak, etab. Norberaren lanabesik eduki ezean, Mankomunitateak utziko du lanerako materiala.
Parte hartu gura izanez gero, izena eman beharko da ikastaroak@uribekosta.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz eta datuak emanez (izena, abizenak, NANa eta telefono-zenbaki bat eta helbide elektronikoa). Esan bezala, aldez aurretik izena ematea gomendatzen dute, baina jardueraren egunean bertan ere eman ahal izango da izena.