Ez du inor ustekabez harrapatuko biodibertsitatea eta haren zerbitzu ekosistemikoak gainbeheran daudela esateak. Gainbehera horren erantzule nagusienetarikoak habitat galera, kutsadura, gainuztiaketa eta espezie inbaditzaileak dira. Gune berdeak izadiaren kontra kudeatu beharrean, honen alde eginez, mehatxu hauek nahikotxo murriztu ditzakegu.
Uribe Kostako edozein txokotik paseatuz gero, gune berdeak nahiko ugariak direla erraz antzemango dugu. Dirudiena dirudiela, artifizialegiak dira: belarra larregi mozten da soropilak sortuz, erabiltzen diren landare gehienak exotikoak dira, ez dira maiz landare mota edo espezie ezberdinak nahasten, hesi asko erabiltzen dira... Beraz, Uribe Kostan gune berdeak ugariak izan arren, gehienak ez daude krisi-ekologikoari aurre egiteko diseinatuta. Zorionez, halako joerak erraz alda ditzakegu, bai izadiari zein geuri mesede handia eginez.
Hortaz, zer dago geure esku gune berdeak berpizteko? Izadia kopiatu, ahalik eta txoko gehien sortu bizidun ezberdinentzako. Gainera, geure etxe, herri eta hiri izaditik at ez daudela gogoratu behar dugu! Hona hemen proposamenak.
Bertoko landareak landatu
Landareak polit-politak izateko munduko beste puntakoak behar ez dutela izan zin dagizuet! Izan ere, landare autoktono asko ederrak dira, eta lorategian landatzeko bikainak. Gainera, badira inguruan bertoko landareetan bereizitako haztegiak. Hemengo landareak bertoko izakiekin milaka urte koeboluzionatzen daramatzate. Hau da, elkarrekintza gehiago sor dezakete beste izakiekin (polinizatzaile gehiago erakarriz, fruitu elikagarriagoak ekoiztuz txorientzako, mikorriza sistema konplexuagoa eratuz...). Aldiz, atzerriko landare gehienek espezie oso gutxi faboratzen dituzte, ia plastikozkoak balira bezala dihardute. Are gehiago, inbaditzaileak bihurtzeko arriskuaz gain, bestelako animaliak eta izurriteak haiekin garraiatzea ekiditea ia ezinezkoa da. Azkenik, bertoko landareak lekuko baldintzei moldatuta, ez dute ez ongarririk ez ureztaketarik behar, eta inausketa bikain jasaten dute.
Belarra gutxiagotan eta gutxiago moztu
Utz ezazu belarra pixka bat hazten; zenbat lore garatzen diren harrituko zaitu! Gainera, sega-makinan altuera handiena erabil ezazu —emaitza asko aldatu barik, animaliengan duen inpaktu handiena saihesten da—. Noski, ez da beharrezkoa lorategi osoa horrela kudeatzea: adibidez, belar luzea zeharkatuz belar motzeko bideak egin daitezke. Horrela, belarra hazten uztea erabaki kontzientea dela nabarmentzen da. Hori guztia gutxi balitz, kutsadura eta denbora aurreztu eta zarata murriztuko dugu.
Zomorroentzako txokoak sortu
Lorategiko txoko batean harriak metatu, tamaina ezberdinetako egur hila utzi, orbela bildu... Urte batetik bestera hildako loreak, adartxoak eta zurtoinak ez kentzea garrantzitsua da. Askotan zomorro txikitxoek bertan pasatzen dute negua eta erle-bakartientzat habia egiteko leku aproposa izan daiteke.
Produktuak botatzeari eta gehiegi argitzeari utzi
Lorategi batek ez luke ongarri, pestizida ezta halakorik beharko. Are gutxiago, bertoko landareak era heterogeneo batean landatuz gero. Argiztapen artifizialak sitsak (polinizatzaileak) bezalako gaueko izakiak eragotzi ditzake ondorio hilgarriekin. Gainera, eguneko izakiak gauez esnatu eta estresatu ditzake. Argiztapena murriztuz hori guztia eta kutsadura murriztuko genuke, diru nahikotxo aurreztuz argi-fakturan.
Putzu bat egin
Gune berdeari ur iturri bat gehitzeak izugarrizko hobekuntzak dakartza. Handia izatea hobe den arren, tamainak ez du axola —loreontzi baten platerarekin nahiko da—. Txoriek bainatzeko eta edateko erabiliko dute; sorgin-orratzak —beste intsektuen ehiztari guztiz kaltebakoak— bezalako intsektuek azkar kolonizatuko dute eta, egoerarik onenean, uhandreek, apoek eta igelek baita ere.
Katua etxe barruan
Katuek konpainia ederra eskaintzen dute. Era berean, oso ugariak dira eta inpaktu handia dute izadiarengan: milioika animalia ehizatzen dituzte urtero. Katua izatekotan, etxe barruan, mesedez.
Uribe Kostan lorategi pribatuak ugariak dira baina gehien-gehienetan ez dute garatu dezaketen jasate-ahalmen biologikoa aurkezten. Aurreko urratsak jarraituta, lorategiaren jasate-ahalmen biologikoa, zenbat ale, espezie eta prozesu sartzen diren handituko da. Horrela, lorategiaren konplexutasuna handituz, onura asko lor ditzakegu: lurzoru emankorren garapena, biodibertsitate galeraren etetea... Gainera, frogatu denez, gune naturalagoak onuragarriak dira geure osasunarentzako.
Era berean, gune berde hauek osatutako sarea izugarri baliagarria izan daiteke animaliek eta landareek lurraldea errazago zeharka dezaten. Ondorioz, izakien mugimendu horri esker, klima aldaketaren aurrean ekosistemak erresilienteagoak bihurtuko lirateke.
Bestalde, esaterako, urbanizazio- edo industria-proiektu berri bat proposatzen denean zeinak nekazal- edo izadi-gune bat guztiz eraldatuko duena, hausnarketa txiki bat burura etor dakiguke: bizi naizen lekua zelakoa zen orain dela zenbait hamarkada? Zer ote zegoen lan edo ikasten dudan eraikinaren azpian? Eraikinak dituzten gune guztiak lehen nekazal- edo izadi-guneak ziren. Ondorioz, geure esku dago orain «urbano» ikusten ditugun gune horietan berriz ere izadia barneratzea, geure eta izadiaren onurarako. Urbano eta bioaniztasunaren kontzeptuak guztiz bateragarriak dira, noski. Arazo horri Oinarri Aldakorraren Sindromea deritzote adituek. Norberak txikitatik ezagutzen duena hartzen du oinarri gisa, gero eta ingurune kaltetuagoa onartuz. Bestalde, aipatutako proiektua guztiz beharrezkoa balitz, bioaniztasuna mantendu edo emendatu beharko luke, bioaniztasunaren babesa garapenaren parte baita.
Laburbilduz
Izadia hobetzeko eta, ondorioz, geure egoera hobetzeko, dugun aukerarik hoberena izadia imitatzea da. Izadia zein esker onekoa den ikusiko duzue. Leku pixka bat ematea besterik ez du behar. Horregatik, ahalik eta txoko gehien sortu behar ditugu gune berdeetan, geure etxeko leiho, terraza edo lorategian ere bertoko landareak erabiliz: zuhaitz handi, zuhaixkak, sastrakak, landare txiki, belar luze, belar motza, gune eguzkitsuak eta ilunpekoak, ura... Guztion esku dago krisi-ekologikoari buruz kontzientziatzea eta ikastea, gerora, mezua hedatzeko eta geure ordezkariei hemen azaldutako neurriak edo antzekoak eskatzea. Guztion artean bizirik eta bertoko espeziez beteta dagoen Uribe Kosta bat sor dezakegu: izadiarentzako, geuretzako eta datozenentzako!
Zerrenda honetako landare guztiak, belarrak eta igokariak kenduta, Uribe Kostatik gertu dauden bertoko landaretan bereizitako haztegietan lor daitezke. Belarrak eta igokariak erraz lor daitezke hazi edo aldaxkak jasoz eta belarra gutxiagotan moztuz. |
Zuhaitzak. |
Aretxa, artea eta ametza Quercus robur, Q. ilex eta Q. pyrenaica, astigarra Acer campestre, zume zuria Salix alba, urkia Betula celtiberica... |
Zuhaixka handiak. |
Elorri beltza Prunus spinosa, elorri zuria Crataegus monogyna, sahatsa Salix atrocinerea, basaerramua Euonymus europaeus, zuhandorra Cornus sanguinea, binorria Ligustrum vulgare, gurbitza Arbutus unedo, txorbeltza Rhamnus alaternus, ereinotza Laurus nobilis, gorostia Ilex aquifolium, gaukarra eta andura Viburnum opulus eta V. lantana... |
Zuhaixka txikia. |
Erratza Ruscus aculeatus, estrepa Cistus salviifolius, ainarrak eta txilarrak Erica cinerea, E. vagans, Daboecia cantabrica, Calluna vulgaris, orkatxa Hypericum androsaemum... |
Zuhaixka txiki-txikia. |
Helianthemum nummularium... |
Belarrak. |
Asun borta Lamium maculatum, zaingorria Geranium robertianum... |
Igokariak. |
Atxaparrak Lonicera periclymenum edo L. etrusca, aihenzuria Clematis vitalba, huntza Hedera hibernica, arkakaratsa Rosa canina, apomahatsa Tamus communis... |