Babestutako edukia

'Euskararen Lorategia' erakusketa, euskararen aniztasunaz jabetzeko

Erredakzioa 2023ko eka. 12a, 11:08

Bilboko San Inazio auzoan kokatutako Euskararen Etxean dagoen EIZ Euskararen Interpretazio Zentroa berritu da aurten. Horrekin batera, zentroari lotutako eta ikasleei zuzendutako Eskola Programa ere berritu da; hain justu, Eskola Programa horretan parte hartu duten 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek egindako collag-ekin osatu da Euskararen Etxean ikusi daitekeen Euskararen Lorategia erakusketa koloretsua eta irudimentsua.

Eskola Programan EIZko edukiak lantzen dira, eta edukiok ikasmaila ezberdinetara egokitzen dira. Euskararen Lorategia, hain zuzen, DBH 3, DBH 4 eta Batxilergoko ikasleekin jorratzen den jarduera bat da, ikasleak euskararen aniztasunaz jabetu daitezen eta euskararekiko duten harremanari buruz gogoeta egin dezaten. Horretarako, haien sormena garatzen dute collage teknikaren bitartez.

Joxemiel Barandiaran antropologoaren esaldi ezagun batetik abiatzen da erakusketa: "Lorategi batean daude hainbat eta hainbat lore eta landareren artean gu –euskaldunok– gara beste landare bat edo lore mota bat, ezberdina, eta gureak ere, besteak bezala, bizitzeko eskubidea du".

Bada, Barandiaranen hitz horiek oinarri hartuta, ikasleek euskararen askotasunaren eta euskararekiko duten atxikimenduaren inguruan hausnartu dute, jardun artistikoaren bitartez.

Emaitza askotariko landare eta loreekin osatutako lilitegi koloretsua da, harrigarria, hala eduki aldetik nola estetika aldetik. Izan ere, gazteek haien sormena erakutsi ez ezik, euskararekiko dituzten askotariko jarrerak eta aburuak ere irudikatu dituzte.

Horiek horrela, eta emaitzaren kalitateaz jabetu ondotik, Euskararen Etxeak Euskararen Lorategia erakusketa abiatu du, zeina Euskararen Etxean paratuta egongo den ekainaren 12tik uztailaren 15era bitarte.

Interes handiko ekimena iruditzen zaigu, gazteak askatasun osoz aritu baitira euskararekiko dituzten kezkak azaltzen. Horrekin batera, balio artistikoa ere nabarmena da. Ondorioz, ziur gaude bisitariek lorategi honetako lilien usain, forma eta koloreekin gozatuko dutela, baina, era berean, gazteen gaitasun eta kezkez ere ohartuko dira bisitariak, euskara eta gazteak uste baino lotuago baitaude.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun