Urtero legez, Erandion apaiz-lanak egin zituen berangoztarra omentzeko lasterketaren X. edizioa hiru probagaz osatuko dute. Lehena, Leioa Klasika izango da eta gaur bertan, 18:00etan, aterako da San Bartolome baselizatik. Horren ibilbideak 50,1 kilometro izango ditu eta, besteak beste, Plentzia, Lemoiz eta Laukiz zeharkatuko ditu. Txirrindulariek lau portu zeharkatu beharko dituzte eta 20:00ak inguruan lehen lasterkariak meta zeharkatzea aurreikusten da.
Bigarren lasterketa bihar, zapatuan, egingo duten Berangoko Klasika izango da, kasu horretan Unbeko gaina gurutzatuko duen 57, 5 kilometro ibilbidea izango du. Azkena, domekako Erandioko Klasika izango da eta Erandiogoikotik aterako diren lasterkariek hiru itzuli eman beharko dizkiote Goierri ingurutik pasatuko den zirkuituari.
Edizio honetan bost txirrindulari gaztez osatutako 40 taldek hartuko dute parte, beraz 200 lasterkari inguruk parte hartzea aurreikusi dute.