Gidabaimena Euskaraz kanpainaren 15. edizioa jarri dute martxan

Iker Rincon Moreno 2023ko eka. 26a, 09:26
Iazko kanpainan 100 euroko bonoak jaso zituzten gazteak. © GETXOKO UDALA

Erandioko eta Getxoko udalek gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egitera animatzeko kanpaina abiatu dute berriro ere. 17 eta 23 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta, horren bitartez, parte hartzen dutenek 100 euroko diru-laguntza izango dute.

Gidabaimena Euskaraz kanpainaren bidez, gazteek 100 euroko diru-laguntza jasoko dute ekimenagaz bat egiten duten autoeskoletako batean karnetaren azterketa teorikoa euskaraz egiten duten gazte guztiei.

Laguntzaren helburua da euskararen erabilera sustatzea eguneroko jardueretan, eta, aldi berean, gazteei gidabaimena euskaraz egiteko bidea erraztea. Getxoko kasuan, orain arte 410 bat gaztek egin dute azterketa teorikoa euskaraz ekimen honi esker.

Aurtengo edizioan Udalak 745 gazte getxoztarri bidaliko die etxera kanpainari buruzko informazioa eta, aurrekoetan bezala, 100 euroko hiru txartel zozkatuko ditu gasolina erosteko. Aurreko edizioan baleak irabazi zituzten hiru gazteek nabarmendu dute ikasketak euskaraz egin ondoren normaltasunez erabaki zutela gidabaimena ere egitea.

Ibone Blas Basañen hitzetan, “betidanik ikasi dudanez euskaraz, gidabaimena ere euskaraz egiteko ideia izan nuen; gainera, lehengusu batek  esperientzia ona izan zuen eta horrek eman zidan azken bultzada”.

Ager Etxebarria Perezek ere dio ez zuela inolako arazorik izan azterketako galderak ondo ulertzeko, "galderak ondo idatzita zeuden. Gidabaimena bezalako jarduera txiki hauekin euskara sustatzen laguntzen dugu”.

Arantza Diez Pinedok ere ekimena nabarmendu du: “Gauza onak bakarrik ikusten dizkiot gidabaimena euskaraz ateratzeari: euskara sustatu, diru-laguntza jaso, erregai txartelen zozketan parte hartu… Eta gainera, lehenengoan atera nuen inolako arazorik gabe”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun