Arriskutsuak al dira marmoka guztiak?

Ander Zarraga 2023ko uzt. 14a, 10:33
Karabela portugaldarrak beren kolore eta forma deigarriagatik bereiz daiteke.

Aste honetan, karabela portugaldar motako marmokak agertu dira Gipuzkoako hainbat hondartzetan eta horien ziztadak ere jaso dituztela ohartarazi dute hainbat bainularik. Daborduko, hareatza horietan normaltasuna berreskuratu dute eta momentuz ez dira Uribe Kostan ikusi. Gertaera horren harira, Ekologistak Martxan taldeak kanpaina bat abiatu du marmokek ekosisteman duten eragina ezagutzera emateko. 

Lehendabizi, gure kostaldean dauden marmoka mota ezberdinak ezagutzea eta arrisku gehien suposatzen dutenak bereiztea komeni da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta Azti ikerketa zentroak marmokak beren arriskuagatik sailkatzen dituen fitxa hau argitaratu dute. Horren arabera, gure kostaldean zortzi marmoka mota aurki ditzakegu, eta guztien ziztatzen badute ere, denak ez dira arriskutsuak.

Albiste hau zabaltzen duen irudia karabela portugaldar bati dagokio, Physalia physalis. Espezie horretako marmokek ziztada mingarriak eragin ditzakete eta, kasu batzuetan, horiek oso larriak ere izan daitezke. Horietako bat ikusten bada, sorosleei abisatu eta 112 larrialdi-zerbitzura deitu behar da, bainularientzako abisua aktibatzeko.

Karabela portugaldarrak erraz identifikatu daitezke, 30 zentimetro luze eta 10 zentimetro zabal izan ohi dituzte, urdin edo more kolorekoak dira eta flotagailu gainean gandor bat dute. Gainera, garro luze eta fin sorta handia dute beheko aldean.

Gonzalo Torre biologo zumaiarrak Urola Kostako Hitzari azaldu dion bezala, "karabela portugaldarra tropikoetako edo Mediterraneo itsasokoa da, baina oso erraz mugitzen da korronteen bidez, eta, adibidez, gure kostaldera sarritan etortzen da Bizkaiko Golkoaren korrontearen eraginez". Era berean biologoak azpimarratu du klima aldaketagatik gure kostaldean gehiago agertzen ari direla, eta bereziki sasoi honetan, "ugalketa garaia dutelako". Torrek gaineratu duenez," karabelak ur azalean joaten dira, eta erro oso luzeak izaten dituzte; aldiz, marmokek antzeko itxura duten arren, beti urpean joaten dira".

Ziztada bat jasoz gero, posible bada sorosleengana joatea da biologoaren gomendioa. Ezin izatekotan, Torrek zera gomendatzen du: "Inoiz ez da hazka egin behar ziztatutako gorputzeko atal horretan, ezta ur gezarekin eremu hori garbitu ere. Garbitzekotan, itsasoko ur gazia erabili behar da, eta beti eskularruak jantzita, ziztada azalez azal igarotzeko aukera baitago. Ziztadaren une horretan, norbera bakarrik baldin badago, saiatu behar du erroak pintza batzuekin kentzen, edo txartel batekin azalaren kontra gogor eginez".

Marmoken eragina ekosisteman

Ekologistak Martxak taldeak Medusozoa izeneko kanpaina abiatu du, hain ospe txarra duten marmokek ekosisteman duten funtzioa ezagutzera emateko. Besteak beste, ekimen horregaz izaki bizidun horien inguruko informazioa gizarteratu gura dute eta ingurumenean duten eragina azaldu.

500 milioi urtez itsasoetan bizi izan diren animalia hauek ekosistemako eta kate trofikoaren parte garrantzitsua dira, hori orekatzen laguntzen baitute; itsas bizidunak asko ugaritzen direnean, marmokak ere ugaldu egiten dira eta ekosistema orekatzen dute. Hala ere, gizakiak marmoken maila trofiko berean dauden edo horien ehiztariak diren espezieak arrantzatzen dituenez, oreka hori hautsi egiten da eta horrek marmoken populazioa areagotu egiten du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun