Euskararen normalizazioa eta biziberritzea aldarrikatu dute euskalgintzak, alkateek eta udal ordezkariek

Erredakzioa 2023ko uzt. 14a, 08:01
Uribe Kostako alkateak eta udal-ordezkariak egon ziren prentsaurrekoan. © EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA

Euskal Herriko dozenaka alkate, udal-ordezkari eta euskalgintzako kide batu ziren atzo, eguenean, Bilbon, euskararen aurkako erasoak salatzeko. Erandioko administrazioa euskalduntzearen aurkako epaia, Barakaldoko Udalak enpresa pribatuei euskara-eskakizunak jartzeko ezintasuna, Irungo udaltzainena eta Laudioko kasuak izan zituzten hizpide, baita oraintsu Espainiako Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka emandako epaia ere, eta deitoratu zuten gertatzen ari dena “oldarraldi judiziala” dela.

Orain gutxi Espainiako Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiak kezka larriak eragin ditu euskalgintzan eta udal askotan. Eta, horren ondorioz, atzo batu ziren Bilbon.

Salatu zutenez, "kezkagarria eta larria" da sententzia hori, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, "helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu". Are gehiago, deitoratu zuten sententziak herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak bota dituela atzera, "ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori".

Euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen dituela eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du epai horrek, prentsaurrekoan batutakoen arabera.

Gogoratu zutenez, Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain esku hartutako Udal Legea, eta azken Inkesta Soziolinguistikoak "argi" erakutsi duela gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. "Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik, adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada".

Euskalgintzaren, alkateen eta udal-ordezkarien ustez, epai hori "oldarraldi judizial" zabalago baten parte da, eta hizkuntza gutxituak jomugan dituen "olatu erreakzionario" batean kokatzen dela.

Hori dela eta, joan den maiatzaren 10ean egin zuten bezala, euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4an Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin zien Kontseiluak. "Epai honen ondoren, deialdia are eta irmoago egiten dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde".

Atzoko agerraldian, besteak beste, Amaia Agirre Getxoko alkatea, Itziar Aginagalde Berangoko alkatea, Iban Rodriguez Leioako alkatea, Ekaitz Pau Gorlizko alkatea eta Miren Itziar Unibaso Barrikako alkatea egon ziren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun