Gaur, Leioako Txomin Aresti ikastetxean 2023-2024 kurtsoari hasiera emateko ekitaldia egin dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak. Halaber, azken horrek agerraldia egin du komunikabideen aurrean eskola-garraioa ematen duten enpresek gaurtik hasita zerbitzua eskaintzeari uko egin ostean.
Sailburuak adierazi du Gipuzkoan ez dela arazorik egon, Araban eragina mugatua izan dela, baina Bizkaian oraindino ez dutela daturik. Hala ere, gaur lehen eskola-eguna izanik, nabarmendu du ez dela ohiko egunen modukoa, baina egoera aztertuko dutela eta horren arabera hartuko dituztela erabakiak.
Zentzu horretan, Bildarratzek hitz eman du astelehenean zerbitzua berrezartzeko aukera ezberdinak aztertuko dituztela, eta beharrezkoa bada, zuzenbideak ematen dituen tresnak erabiliko dituztela "gurasoen kontziliaziorako eskubidea babesteko".
"Asko sentitzen dugu familiak bizitzen ari diren egoera eta, horregatik, eskatzen diegu enpresei egoera birpentsatzeko, azkenean guztioi tokatzen zaigulako eta familiek duten hezkuntzarako eskubideari eragiten diolako", gaineratu du sailburuak.
Zehaztu duenez, aurten administrazioak lehiaketa publikora atera ditu garraiobide guztiak, eta Gipuzkoan ez bezala, Araban eta Bizkaian enpresak ez dira aurkeztu. "Lehiatu ez diren enpresa horiei iazko baldintza berdinetan zerbitzu ematea proposatu diegu", azaldu du sailburuak, eta gaineratu du azken bi urteetan prezioetan % 31ko igoera izan dutela, "gehi gasolinaren igoera". Gainera, azpimarratu du kostu denei % 6ko enpresa-mozkina eskaini zaiela.