Uribe Kostako zazpi bertsolarik kantatuko dute 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 14a, 11:31

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako aurkezpena. © Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Kanporaketak urriaren 1ean hasiko dira, eta horietako bat Erandion izango da, Altzagako merkatu zaharrean. Urriaren 22an, domekan, izango da saioa, 17:00etan, eta bertan kantatuko dute Ander Sarriugarte, Garazi Navarro, Igor Galagarza, Imanol Uria, Paule Ixiar Loizaga eta Unai Mendiburu. Azken hiru horiez gainera, Peru Vidal, Inazio Vidal,  Peio Irastortza eta Jone Uria izango dira Uribe Kostatik parte hartuko duten bertsolariak.

Urriaren 1ean hasiko da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Mungian, eta abenduaren 16an amaituko da, ohi legez, Bilboko finalagaz. Guztira, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango dira.

Erandion izango da kanporaketetako bat, urriaren 22an, baina horiez gainera, urriaren 1etik azaroaren 1era bitartean, Mungian, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Igorren eta Lekeition arituko dira bertsolariak. Finalaurrekoak, aldiz, Berrizen, Santurtzin eta Lemoan izango dira: azaroaren 11n, 18an eta 25ean, hurrenez hurren. Eta, azkenik, finala Bilbon izango da, abenduaren 16an.

Uribe Kostatik Peru Vidal eta Inazio Vidal leioaztarrak, Imanol Uria, Unai Mendiburu eta Peio Irastortza getxoztarrak eta Paule Ixiar Loizaga sopeloztarra arituko dira kanporaketetan, eta Jone Uria getxoztarrak zuzenean kantatuko du Santurtziko finalaurrekoan.

Eskualdeko kideez gainera, beste 30 bertsolarik kantatuko dute txapelketan, Udabarria Bertsotan lehiaketatik sailkatutako 30 bertsolarik eta 2021ean finalaurrekoetan kantatu zuten beste seik. Finalaurrekoetako fasera 11 bertsolari sailkatuko dira eta han izango dituzte zain 2021ean finalista izan ziren eta finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren zazpi bertsolariak, tartean, Jone Uria. Hiru finalaurrekoetako irabazleek eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak sailkatuko dira Bilboko finalera.

Sarrerak daborduko salgai

Saioetako sarrerak erosteko www.bertsosarrerak.eus atarian dago aukera, eta oraindino sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegian erosteko aukera egongo litzateke, 16:00etatik aurrera. Finalean, ostera, 15:00etatik aurrera egongo da zabalik txarteldegia. Hirukan ere, sarrerak zozkatuko ditugu

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun