Atzo, barikuan, dozenaka getxoztar batu ziren Algortako San Nikolas plazan Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarren kontrako prozesua salateko eta haiei elkartasuna adierazteko. Erandion gaur, zapatuan, egingo dute elkarretaratzea; hitzordua eguerdian jarri dute, 13:00etan, Altzagako metro geltokiaren parean.
ANkerkeriari Stop! plataformak azaldu duenez, 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituzten Barbado eta Zelaia, lehergaiak izatea eta helburu terroristakaz armak eta munizioak edukitzearen akusaziopean. Kontuak horrela, espetxeratu eta urte bereko udan aske gelditu ziren, baldintzapean, 6.000 euroko bermea ordaindu ondoren.
"PNVren gertukoa izendatzen den Ertzaintza izan zen ikerketa abiarazi zuena polizia politikoaren papera aski ondo betez, militantzia politikoaren kriminalizazioan oinarritutako informeak aurkeztuz edota epaiketa bera aurreko fase politiko batean kokatzeko egindako ahaleginetan ikusi dugun moduan. Anakronikoa dirudi ezta?", deitoratu zuten atzoko elkarretaratzean batutakoek.
2021eko urtarrilaren 21 eta 22an, Espainiako Audientzia Nazionalean izandako epaiketan, lau urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zieten Barbado eta Zelaiari.
"Injustizian oinarritutako espainiar makina errepresiboaren erasoa jasan behar izan dugu berriz, espetxe zigorra ezarriz bi euskal militante politikoei", salatu zuten mobilizazioaren deitzaileek.
Ildo horretan, azpimarratu zuten prozesua ez dela izan soilik bi gazte horien kontrakoa, "baizik eta bakea eta askatasunerako bidea egunez eguneko lanarekin eraikitzen ari den herri baten kontrakoa. Errezeta zaharrekin, gaur egungo Euskal Herria eraikitzen ari garenon kontrako erasotzat ulertu behar dugu".
Horren aurrean, atzo egin bezala, hurrengo zapatuan, hilaren 30ean, Gasteizen izango den mobilizazio nagusira joateko deia egin zuten deitzaileek. Azaldu zuten Uribe Kostatik autobusak antolatu dituztela, eta "ohiko tabernetan" zerrendak egongo direla horietan apuntatzeko.