Munduko Landareen Azoka egingo dute aste-akabuan Leioako Arboretumean

Erredakzioa 2023ko ira. 29a, 09:51
Bost kontinenteetako landare ikusgarriak miretsi eta erosteko aukera egongo da Leioako campusean aste-akabuan. © LEIOAKO UDALA

Leioako Campuseko Arboretumak Munduko Landareen Azokaren edizio berri bat hartuko du aste-akabu honetan, irailaren 30ean eta urriaren 1ean. 40 erakusketari baino gehiagok eskainiko dutenaz gozatu ahal izateko doako autobus-zerbitzua egongo da Erandioko eta Leioako metro-geltokietatik.

Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dute, eta Leioako eta Erandioko udalek eta Kutxabanken Gizarte Ekintzak babesten dute.

Azoka ingurune paregabean batean egingo dute, EHUko Leioako Campuseko Arboretuma botanikarientzat eta landareen zaleentzat interes berezia duen lekua baita. Gainera, azoka-gune berean, bisitariek indarrak berreskuratu ahal izango dituzte bertako hainbat produktu dastatuz eta Arboretumeko bidezidorren sareetatik paseatuz.

Azokan egongo diren 40 erakusketarik euren askotariko bildumak aurkeztuko dituzte. Gainera, bost kontinenteetako landareak prezio benetan lehiakorretan erosteko aukera ere egongo da, gehienak gure latitudeetan ezezagunak baina lorategi eta balkoietan erraz landatzeko modukoak.

Azoka hau 2015ean jaio zen, landare-ekoizleen topaketa izateko asmoagaz, planetan dauden espezie eta barietate ezberdinak ezagutzera emateko, eta orain arte egin dituzten edizioetan arrakasta handia izan duela azpimarratu dute antolatzaileek. Merkataritza-harremanak hobetzeko erakusleiho bat eskaini gura dute eta, aldi berean, laborantzari buruzko teknikak eta ezagutzak partekatu.

Munduko Landareen VII. Azoka

Azokarako sarreraren prezioa euro batekoa izango da, eta sarrera doan izango da 12 urtetik beherakoentzat.Horiek azoka-esparrura sartzeko atean erosiko dira. Horrez gain, antolakuntzak bi aparkaleku prestatu ditu Arboretumetik gertu.

Halaber, doako autobus-zerbitzua ere egongo da metroz joaten diren bisitarientzat, bai Astrabuduatik baita Leioako metro-geltokietatik ere, Leioako campuseraino. Autobus-zerbitzua zapatuan eta domekan 10:00etatik 18:00etara egongo da martxan.

Ordutegiari dagokionez, azoka 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik zapatuan, eta 10:00etatik 18:00etara domekan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun