Errepideak umeentzako izango dira domekan

Ander Zarraga 2023ko urr. 3a, 13:06

Urriaren 8an, domekan, XVI. Umeen Bizikleta Festa egingo dute Erandiotik Berangora. 11:00etan abiatuko den martxa jendetsu honek ehunka familia batuko ditu eta bizikletek autoen lekua hartuko dute eskualdeko errepideetan. Bukatzean, familiek ederto pasatzeko hainbat jarduera izango dituzte Berangoko Moreaga plazan.

Izena emateko epea oraindik zabalik dago honako esteka honetan, eta dortsalak Berangoko Antzokian banatuko dituzte urriaren 5an eta 6an. Umeen Bizikleta Festan bikoteka adinekoek eta adingabeek eman dezakete izena, baina helduek ezin izango dute adingaberik gabe parte hartu; hala ere, nagusi batek adingabe bat baino gehiagogaz joan ahalko dira.

Martxa Erandioko Obieta kaletik hasiko da 11:00etan eta Leioa eta Getxo zeharkatuko ditu Berangon 13:00etan bukatzeko. Tartean, hornitzeko eta indarrak berreskuratzeko geldiunea egingo dute Leioako Boulevarden.

Berangoko Moreaga plazan egongo den helmugan mokadutxoa banatuko dute dortsalen truke, eta arratsaldeko 19:00ak arte hainbat ekintza egingo dituzte familientzako, hala nola gynkana, txokolatada edo puzgarriak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun