Eusko Jaurlaritzak sustatu eta finantzatua, Adineko emakumeok badugu zer esan izeneko tailerrak EDE Fundazioak Uribe Kostako Mankomunitateko Berdintasun Sailagaz lankidetzan antolatutako programa da. Eskualdeko 60 urtetik gorako emakume guztiei zuzenduta dago, eta honako helburu hauek ditu: emakumeen artean laguntza-harremanak sortzea, kolektibo horrek jasaten dituen desberdintasun eta indarkerien aurrean jardutea eta mugak jartzen eta bizitzaz gozatzen irakastea.
Doako tailer hauen bidez, adineko emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa bilatu gura dute, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren tratu txarren biktima diren 60 urtetik gorako emakumeen kalteberatasun- eta ikusezintasun-maila handia murriztea. Horien ideia da segurtasun eta konfiantzazko gune bat sortzen saiatzea, esperientziei, zailtasunei, ikaskuntzei eta abarri buruz hitz egiteko, bizitzako sasoi berean dauden beste emakumeakaz partekatuz, epairik gabe, eta harremanak elkartasunez estutuz. Azken batean, laguntza-sarea eta bizitzaren etapa horretako familia afektiboa handitu gura da, lagungarri izan dadin epe hau gozamen eta kontzientzia handiagoagaz bizitzeko. Halaber, arreta genero-desberdintasunean jarriko da, eta emakumeen aurkako indarkeria matxista arazo sozial gisa hartuko da, eta ez arazo indibidual gisa, nork bere burua zaintzen eta defendatzen jakiteak duen garrantziaz jabetzeko.
Oro har, bizipen-metodologia izango da, dinamikoa, entzutean oinarritua, genero-ikuspegiagaz eta emakumeen ahalduntzea zeharka bilatuz. Parte hartzen duten emakumeen beharren eta itxaropenen arabera, gune seguru eta fidagarri horietan hainbat atal landuko dira, hala nola berdintasunezko harremanen, zaintzaren eta erantzunkidetasunaren ereduak, bikotekidearekiko tratu ona edo indarkeriaren biktima diren emakumeentzako baliabide espezializatuen sareari buruzko informazioa.
Tailerrak urriaren 20 eta 27an eta azaroaren 3, 10 eta 17an izango dira, goizez egingo dira, bi orduko saioetan, Mankomunitateak Sopelako Gatzarriñe kaleko 10. zenbakian duen areto batean. Izen-ematea 688 734 657 telefono-zenbakian edo 65mvoz@edefundazioa.org helbide elektronikoan egin daiteke.