Atzo, urriak 4, mutilen sailkapen-faseagaz hasi zen Park modalitateko Skateko Munduko Txapelketa Italiako Ostia herrian. Guztira, Basque Teamek sei ordezkari gazte aurkeztu ditu proba horretara, hiru neska eta hiru mutil.
Atzoko frogako laugarren txandan aritu zen Peio Gonzalez Sopelako skaterra. Basque Teameko bekadunak lan polita egin zuen, eta lehen saiakeran oreka galdu arren, nabarmen hobetu zuen bere bigarren saio kronometratua. Hala, lehen jarduketan 48.54eko puntuazioa eman zioten epaileek, eta bigarrenari 69.73. Azken horri esker arratsaldearen zati handi batean taularen buruan jartzea lortu zuen, eta azkenik, 14. tokian bukatu zuen jardunaldia, final-laurdenetarako sailkapena alde nahikoagaz erdietsiz.
Gonzalezez gain, Egoitz Bijueska bilbotar taldekideak ere lortu zuen sailkapenean sartzea, aldiz, Alain Kortabitarte donostiarraren puntuazioa ez zen nahikoa izan sailkatuen artean egoteko.
Gaur, urriak 5, neskek hartuko dute lekukoa. Gadea Moja eta Hegoa Zabalburu getxoztarrak eguneko lehen txandan lehiatuko dira 09:15ean eta Naia Laso bermeotarra bosgarrenean arituko da 14:15ean.
Ostia-Erromako Parkeko Munduko Txapelketa hau 2024ko Pariseko Olinpiar Jokoetarako puntuagarria da. Parkeko zein Streeteko modalitateak lehen aldiz parte hartu zuten Tokioko Jokoetan.