Auzokideek salatu dutenez, jarduketa Itza Bidearen ertzean izan da, Fadurako kiroldegiaren ondoan, 2022ko martxoan beste delitu ekologiko bat salatu zuten puntu berean. Diotenez, lurrezko betelan batean txertatutako hormigoi armatuzko blokeak jarri dituzte, piloteakaz, 1,5 eta 2 metro bitarteko zabaleragaz, hezegunearen jaitsieran. Lanok, auzokideen arabera, inguruan hainbat etxebizitza eraikitzen ari den enpresaren ardura dira, "Amenabar enpresako langileena, ustez", deitoratu dute elkarteko kideek.
Inguruan porlana ezartzeagaz batera, auzokideek azaldu dute ustez saneamendurako diren hodi handiak sartu dituztela, eta horiek daborduko hezegunea lausotu dutela; izan ere, helburua da "amularen kota hormigoizko galtzaden bidez igotzea", ekologisten arabera.
Gertakariok, "2022ko martxoan salatu eta URA Uraren Euskal Agentziak zigortu zituenak bezala", Euskal Autonomia Erkidegoko Uren 1/2006 Legea, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua, EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko eta Hezeguneak Babesteko Lurraldearen Arloko Plana eta Arrain Arantzaduna Babesteko Plan Berezia urra ditzaketela salatu dute auzokideek. Era berean, fisikoki ekintzok uholde-arriskuaren segurtasunari buruzko araudia urratzen dutela azpimarratu dute, "arrisku handieneko eremuetan betelanak egitea eta kotak igotzea eragozten duena, hain zuzen".
Auzokideek HIRUKAri jakinarazi diotenez, "ezinezkoa da" ingurumen-agintaritzaren eta agintaritza hidraulikoaren baimenik izatea lanok egiteko. Izan ere, ekologisten arabera, Berangoko HAPOk saneamenduaren beste lotura-puntu bat ezarri zuen Santa Ana inguruko urbanizazio horretarako. "Enpresa eraikitzaileak kontrapendiente-eremuetan erortzen zela argudiatu zuen, baina ez dugu hori ikusten, eta ziur gaude haren hautaketa irregularra arrazoi ekonomikoen ondorio dela", salatu dute ekologistek. Lerro zuzena ponpaketa kolektoreraino, nahiz eta igaro eta eremu babestuari eragin.