Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioak iragarri dituzte egunotarako Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2023ko urr. 16a, 18:41

Artxiboko irudia.

Herri palestinarrak egunotan bizi duen egoeraren aurrean, besteak beste, Getxon, Sopelan eta Erandion mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute eskualdeko hainbat eragilek urriaren 17, 18 eta 22rako, hurrenez hurren. Lehenengo elkarretaratzea, "Okupazioa gelditu! Palestina askatu!" lemaren pean, 19:00etan izango da, Algortako Telletxe plazan. Bigarrena, aldiz, Sopelako frontoian egingo dute, 19:30ean, eta hirugarrena, Erandioko Altzagako metro-geltokiaren aurrean, domekan, eguerdiko 13:00etan.

Besteak beste, Israelen erasoaldien eta Palestinako bakearen alde, atzo, astelehenean, adierazpen instituzional bat egiteko proposamena aurkeztu zuen Getxoko Elkarrekin Podemosek, "Udalak Palestinaren okupazioaren eta apartheidaren amaieraren aldeko jarrera argia izan dezan". Ildo horretan, koalizio moreak adierazi duenez, "Gazako bonbardaketa eta sarraskia gelditu egin behar da: Elkarrekin Podemosetik uste dugu ezin dugula etsi herri palestinarraren aurka egiten ari den basakeria honen igotzearekin".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun