Sektore publikoko gehiengo sindikalak, UGT salbu, greban daude gaur, eguaztenean, lan-baldintza hobeak eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko aldarrikatzeko. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei erosahalmena bermatzea eta enplegu publikoa egonkortzea exijituko dute, behin-behinekotasuna gaur egungo % 40tik % 8raino murriztuta.
Sindikatuek salatu dutenez, sektore publikoak "okerrera" egin du, eta pribatizazioa gero eta handiagoa da, arazoa "egiturazkoa" delakoan.
Greba deialdiagaz lortu gura dute, gainera, soldatak eta lanak EAEn bertan negoziatzea, azken bi hamarkadetan galdutako % 20ko erosahalmena berreskuratzea, behin-behinekotasun tasa % 8ra jaistea, pribatizazioari amaiera ematea eta "egiazko euskalduntzea" bermatzeko planak garatzea, besteak beste.
Ezarritako zerbitzu minimoak
Greba-deialdiaren harira, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eta, besteak beste, garraio publikoak % 30ean ibiliko dira gutxienez gaurko egunean. Osasun arretari dagokionez, ospitaleetan jaiegunetan eman ohi duten zerbitzua eskaini beharko dute gutxienez eta, anbulatorioetan, aldiz, zapatuetakoa.
Ikastetxe ez unibertsitarioetan, berriz, gutxienez behargin bi egon behar dira zentroan, eta Haurreskoletan bat. Gainera, hezkuntza-ziklo bakoitzeko, irakasle banak egon beharko du lanean. EHUn, aldiz, langile batek eta beste batek bermatu beharko dute sarbidea, goizez eta arratsaldez, hurrenez hurren.
Informazio gehiago, laster