Birzi taldeko super heroiek Uribe Kostako ikastetxeak bisitatuko dituzte birziklapena sustatzeko

Erredakzioa 2023ko aza. 14a, 11:47

Europako Hondakinen Astea azaroaren 18tik 23ra bitartean izango da, eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak bat egingo du horregaz, Eskualdeko Birzi Taldea izeneko kanpainagaz. Horretarako, hurrengo astean, super heroi batzuek Sopela, Berango, Gorliz, Plentzia, Lemoiz eta Urdulizko ikastetxeak bisitatuko dituzte, ume eta irakasleei birziklapenaren garrantziaz ohartarazteko.

Mankomunitateko Ekogunetik antolatuko duten Eskualdeko Birzi Taldea kanpainan, organikoa, papera eta ontzia edukiontzien pertsonaiek eskualdeko zazpi ikastetxe bisitatuko dituzte. Birziklapena sustatzeko helburuagaz, Birzi taldeak, azaroaren 15, 16, 20 eta 21ean LH 1, 2, 3 eta 4. mailako ikasleak bisitatu ditu, beraien artean birziklapenari buruzko komikiak banatzeko.

Horrez gain, azaroaren 26an, Plentziako udaletxe inguruan eta itsasadarraren pasealekutik hondakinak biltzeko auzolana ere egingo dute kontzientziazio kanpainari amaiera emateko. Ekimen horretan Uribe Kostako zazpi hezkuntza-zentroetako familia guztiak gonbidatzeaz gain, parte hartu gura duten herritarrak ere joan daitezke. Ekitaldia 11:00etan hasi eta 13:30ak aldera bukatuko da.

Bisiten egutegia honako hau izango da: Azaroaren 15ean, Ander Deuna Ikastola eta Zipiriñe eskola; 16an, Berango Merana eta Elortza ikastetxea; 20an, Gorizko ikastetxea eta Plentziako ikastetxea; azaroaren 21ean, Lemoizko ikastetxea. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun