Sindikatuetatik jakinarazi dutenez, kiroldegietako langileek hamaika hilabete daramatzate hitzarmen berria negoziatzen, baina patronalak planteatu dien eskaintza langileen aldarrikapenetatik urrun dago. Gaitzetsi dutenez, "patronalaren proposamenak ez du erosteko ahalmena bermatzen, proposatutako lanaldi murrizketa ez da asteko 35 orduetara iristen eta langileen gainerako aldarrikapenei ez zaie jaramonik egiten".
Gauzak horrela, Negoziazio Mahaiko sindikatu guztiek (ELA, UGT, LAB eta CCOO) elkarretaratzea egin zuten Bilbon aurreko azaroaren 17an eta egunotako mobilizazioak iragarri zituzten: lanuzte partzialak egingo dituzte 09:30etik 11:30era eta 17:30etik 19:30era abenduaren 11n eta 12an.
Azpimarratu dutenez, Bizkaiko sektore horretan 2.000 pertsona inguruk egiten dutela lan, gehienak udal-kiroldegietan, baina baita klubetan, kiroletan, golfean eta abarretan ere. "Horiek guztiek merezi dute lan baldintzak hobetzea, are gehiago hitzarmen berrian islatu behar den Kirolaren Lege berria kontuan hartuta", adierazi dute.