2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dute laugarren Euskaraldia

Ander Zarraga 2023ko abe. 14a, 14:16

Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak gaur goizean Donostian eginiko aurkezpenean. © EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA

Hurrengo Euskaraldiaren eraginkortasunean sakontzeko, antolatzaileek ariketa udaberrian egitea erabaki dute. Halaber, frogatu dute Euskaraldia "eraginkorra" dela, horri esker milaka eta milaka herritarrek euskararen aldeko jauzia eman eta beren hizkuntza-ohiturak aldatzen dituztelako.

2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioko xehetasunak emateko bildu dira gaur Donostiako Tabakaleran, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Javier Arakama Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea.

Azaldu dutenez, edizio batetik bestera ariketaren alde teknikoak berrikusten dituzte antolatzaileek, eta, hain zuzen ere, hausnarketa horretatik etorri da garaiaren aldaketa, laugarren edizioa 2025eko maiatzean egingo baitute. Azaldu dutenez, 2025ean egitean, Korrikagaz urtez urte txandakatuko da, eta ariketa udaberrian egiteak eraginkortasunean sakontzeko aukera emango du, urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi delako eta bizitasun soziala handiagoa izaten delako. “Eta txapa soinean eraman eta ikusgarri egitea errazagoa izango da, ziurrenik, udaberrian”, azaldu du Urkijok.

Era berean, laugarren edizioa 11 egunez egingo dutela ere zehaztu du Urkijok: “Uste dugu, 11 egun izateak ariketa modu eraginkorragoan egitea ahalbideratuko duela, sakonago egiteko aukera emango du. Bi asteburu hartuko ditu, eta horrek herrietan mugimendua sortzeko aukera emango du”.

"Euskaraldia eraginkorra da"

Aurkezpenean azpimarratu dute Euskaraldiaren hiru edizioen inguruan egin dituzten ikerketek argi erakutsi dutela Euskal Herri osoan milaka eta milaka herritarrek beren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararako jauzia eman dutela Euskaraldiari esker: familian, lagunartean, lantokietan nahiz ezezagunekiko harremanetan. Eta hurrengo edizioan ere horri jarraipena emango iragarri aipatu du Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.

Zehaztu dutenez, aurreko edizioak erakutsi du parte hartzaileen artean euskaraz zekitenakaz uneoro euskaraz egiten zutenak % 63,9 zirela ariketaren aurretik, eta %78,9 ariketa amaitu ondoren, ariketan zehar proportzioa % 85,9ra iritsi zelarik. “Euskaraldi bakoitzean euskararen erabileran irabaziak eta lorpen praktikoak erdietsi dira. Hori dela-eta, Euskaraldi gehiago egitea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, eta euskararen biziberritze-prozesuarentzat guztiz lagungarria da ariketa”, azpimarratu du Iciarrek.

Ikerketak erakutsi duenez, Euskaraldiak hizkuntza-ohitura batzuk gero eta ohikoagoak bihurtzen ditu: esaterako, lehen hitza euskaraz egin ohi zutenak %55,8 ziren ariketa aurretik eta % 75,9 ondoren, edo elkarrizketa elebidunetan euskarari eusten ziotenak % 44,6 ziren aurretik eta % 76,6 ondoren.

Hurrengo edizioan arreta berezia jarri gura dute antolatzaileek ohitura horiek gizarteratzeko eta errotzen jarraitzeko. “Izan ere, ez dira gauetik goizera modu masiboan zabalduko. Horregatik da garrantzitsua Euskaraldiaren ariketa soziala errepikatzea eta proposamen horiek berritzea, gizarteari urrats horiek egin ditzan berriro planteatzea eta pedagogia sozial indartsua burutzea aldian behin” dio Iciarrek.

Partaidetza zabaleko ariketa

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren esanetan, Euskaraldiaren helburu nagusia hiztunen hizkuntza-ohituretan eragitea da. Beraz, Euskaraldia eraginkorra izango bada, konpromiso zehatzak hartuko dituzten herritarren partaidetza zabala behar du. Zupiriak esan duenez, “Euskaraldiak bere helburuak bete ditzan, herriz-herriko eta auzoz-auzoko dinamizazio eta aktibazio sozial zabala eskatzen ditu”.

Bestalde, sailburuak esan duenez, Euskaraldiak adostasun handia biltzen du, eta hori da duen indargunerik nagusienetako bat. "Bateratasun horrek indar biderkatzailea du, eta euskararengandik urrun dagoen asko erakartzeko balio du; horrek ere, hein handi batean, egiten du eraginkor ariketa, indar metaketa, gutxinaka aurrera pausoak ematea, hizkuntza-ohiturak denen laguntzagaz aldatzea”.

Javier Arakama Euskarabideako zuzendari kudeatzailea Euskaraldiaren eraginaren inguruan mintzatu da; bere esanetan, ariketaren helburua pertsonen arteko harremanetan (ahozkoetan bereziki) euskararen aldeko hizkuntza-ohiturak sendotzea edo aldatzea da. “Hori da bere jomuga, eta horretara mugatzen da. Beraz, Euskaraldia ez da euskarak dituen behar eta gaitz guztien sendagailua”.

Baina, era berean, ariketak hausnarketarako eta eztabaidarako aukerak eta aitzakiak ere ugaltzen dituela esan du Arakamak: euskararen gaiak agenda sozial, politiko eta komunikatiboan lehentasunezko lekua hartzen du ariketaren ingurumarian. “Herritarren artean ere, hizkuntzaren gaiak ohikoa baino presentzia handiagoa hartzen du: lorpenez eta zailtasunez, ikusitako aurrerapauso eta inkoherentziez, ilusioez eta kezkez aritzeko”, aipatu du. Horiek guztiak ere Euskaraldiaren lorpenak izanik, hurrengo edizioan ere, lorpen horietan sakontzen jarraituko dutela adierazi dute antolatzaileek.

Elkarlana eta gobernantza-eredu berriak

Javier Arakamak azpimarratu duenez, Euskaraldiaren antolaketan euskararen eremu osoko administrazio-erakunde guztiak, euskalgintzako erakundeak eta era guztietako hainbat eta hainbat entitate eta elkarte aritzen dira. Antolaketa konplexua da, eta gobernantza-eredu berritzailea eta interesgarria ekarri du.

Arakamaren hitzetan, “eredu honetan sakontzen jarraitzea izango da hurrengo Euskaraldiaren beste helburuetako bat, sinisturik baikaude elkarlana eta herritar, erakunde eta entitateen atxikimendu praktikoa ezinbesteko oinarria direla, eta izango direla, euskararen biziberritze-prozesuak aurrera egin dezan”.

Gainera, prentsaurrean bildutako kideek aipatu dutenez, euskararen biziberritze-prozesu hau erreferentzia garrantzitsua da munduko beste hainbat hizkuntza-komunitaterentzat. Hain zuzen ere, Euskaraldia ere baliagarria da nazioarteko harremanetarako eta euskal esperientziaren berri munduan zehar zabaltzeko.

“Edizioz edizio ikusi dugu eragina duela gizartean, eta Euskaraldiak euskararen erabileran aldaketak ekartzen dituela ikusarazten jarraituko dugu hurrengo ariketan ere. Euskaraldian benetan sinesten dugulako” bukatu du Goiatz Urkijok.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun