Andrea Archila Vega eta Fidel Santiago Saloj izan dira gurera etorritakoak, Lagun Artean erakundeari esker. Horrek Guatemalako garapenerako lankidetza sustatzen du 1994tik, eta, aurten, hango Solola Mankomunitateko kide biak gonbidatu ditu Euskal Herrira etortzeko, Leioako Udala, Getxoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzari esker, bertoko errealitateak ezagutu, hartu-emanak izan eta ikusi eta ikasitakoa haien errealitatean txertatu ahal izateko.
Komunikazioari dagokionez, HIRUKAz gainera, Ecuador Etxea hedabideagaz eta Vinilo FM irratiagaz batu ziren Fidel Santiago eta Andrea Archila, ikuspuntu lokaletik, euren proiektuetan jorratzen dituzten gaiak eta proiektuak, haien tokiko hizkuntzan, nola komunika dezaketen ezagutzeko.
Izan ere, besteak beste, emakumeen parte-hartze politikoa eta maskulinitate berriak lantzen dituzte han, eta hori ere mahai-gaineratu zuten hemen egondako egonaldian. Lehenengoaren kasuan, Bizkaiko hainbat ahalduntze-eskoletan ibili dira kide biak, hauen esperientziak partekatzen eta tokiko bizipenak Guatemalara eraman ahal izateko. Maskulinitate berriei dagokienez, Escuela de Nuevas Masculinidades del Lago Atitlan sortu berri dute mankomunitatean, eta azaroan izandako hartu-emanetan ikasitakoak eta lortutako materialak eskola horretan partekatzea dute helburu, besteak beste. Horregaz batera, Gizonduz taldekoakaz ere batu dira, bertoko politikak ezagutuz, hango politiketan ere gauzak sartzea ahalegintzeko.