Ikasleen artean energia-kontsumoaren inguruko hausnarketa bultzatu gura du Mankomunitateak

Ander Zarraga 2023ko abe. 20a, 13:48

Uribe Kostako ikastetxeetako eko-ordezkariak Plentzia eta Sopelako udaletako ordezkariakaz batu ziren abenduaren 14an. © URIBE KOSTAKO ZERBITZU MANKOMUNITATEA

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Iraunkortasun Sailak Eskola Agenda 2030 egitasmoaren lehen hiruhilekoa bukatutzat eman du, eta eskualdeko zentroetan ikasleek landutakoaren emaitzak eta egingo gura dituzten ekimenen inguruko proposamenak jakinarazi dizkiete Plentzia eta Sopelako udal-arduradunei.

Eskola Agenda 2030eko lehen hiruhilekoa amaitutzat eman du Uribe Kostako Mankomunitateko Iraunkortasun Sailak. Epe horretan, zentroetako eko-ordezkariak Plentzia eta Sopelako udaletako arduradunakaz Harrera Ekintzak egin zituzten abenduaren 14an. Bertan, ikasleek ikasturte honetako gaia aurkeztu, aurreko ikasturteko jardueren errepasoa egin, ikasturte honetan egingo diren ekintzak aurkeztu eta udalei hainbat eskaera egin zizkieten.

Aurreratu dutenez, ikasturte honetan, aurreko 2022/2023 ikasturtean landutako energiaren inguruko diagnostikotik ateratako ondorio eta beharrizanei lotuta, Esku-Hartze Planak abiaraziko dituzte, bai eskola mailan, baita udalerri mailan ere.

Halaber, zentroetan lantzeko hainbat ekintza proposatu dituzte ikasleek, eta Sopela eta Plentziako udalen Esku-Hartze Planak programatzen hasiko da Mankomunitatea, ikasleakaz elkarlanean hainbat ekintza antolatzeko helburuagaz.

Hezkuntza zentroen bitartez, ikasleei eta euren familiei bidalitako abenduko buletin elektronikoan Gabonetako oporrak hausnarketarako momentu aproposa izan daitezkeela jakinarazi diete. Hain zuzen ere, honako honen inguruan pentsatzeko proposatu diete: ikasturte honetako gaiaren inguruko hausnarketa egitea, energia berriztagarrien onurak eta kalteak, etxeko energia ohiturak, pobrezia energetikoa, autokontsumoa: zer da?; opari elektronikoak eskatu ezkero, kontsumo gutxikoak lehenetsi edo Gabonetako zuhaitzetako argiak kontsumo baxukoak diren begiratu eta beharrezkoa ote den hainbeste argi jartzea, besteak beste.

Era berean, Gabonetako oporretatik bueltan datozenerako ere hainbat zeregin zehaztu dituzte, hala nola Uribe Kostako Mankomunitateak Sopela eta Plentziako Udalen Esku-Hartze Plana programatzen hastea, hurrengo hiruhilekoan energiaren inguruko jardunaldi teknikoa egitea eta familia guztiak gonbidatu gura dituzte energiaren inguruan egingo duten solasaldi batera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun