Joan den abenduaren 22an, Gorlizko eta Lemoizko udalek lehen bilera bat eskatu zioten Aldundiari udalerri biak lotzen dituen BI-3151 errepidearen segurtasuna areagotzeko beharra adierazteko, 28,500 kilometro-puntuan, Fano eta Orabille bidegurutzea dagoen tokian. Adierazi dutenez, ibilgailuek abiadura handian zirkulatzen dute gune horretatik, eta ibilgailuak eta oinezkoak istripua izateko arriskuan daude seinaleztapen eta ikuspen faltagatik. Bi udalerriei eragiten dien arazoa denez, bilera hau batera eskatzea erabaki zuten.
Gorlizko gobernu-taldeak ziurtatu du puntu hori arriskutsua dela hiru arrazoirengatik: abiadura handian zirkulatzen delako, Fano Bidea eta Orabille alboetako bideetatik doazen ibilgailuak sartzea zailduz; oinezkoek oinezkoentzako pasabiderik gabe zeharkatu behar dutelako bidea autobusen geltokira sartzeko, eta ia argirik gabeko bazterbide txiki batetik ibili behar dutelako.
Gorlizko Udalak uste du beharrezkoa dela lehenbailehen neurriak hartzea erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, eta, horregatik, bilera hori eskatu dio Aldundiari, beste neurri batzuk baloratzeko eta gauzatzeko, hala nola kuxin berlindarrak eta sakagailu bidezko semaforoak.
Lemoizko Udalak, bere aldetik, oraindino data zehatzik ez duen bilera hori aprobetxatu gura du bide-segurtasunaren alorrean zuzenean eragiten dion beste gai bat jorratzeko: Andraka auzoko trafiko-arazoak. Zehaztu duenez, Mungia-Plentzia errepidean (Bi-2120) trafikoa murrizteko neurriak ezarri gura ditu, Andrakan semaforo bat jartzeko aukera aztertuta, baita auzo horretan trafikoa berrantolatzeko egin gura diren jardueren berri ematea.