Garraio publikoak % 50eko deskontua mantenduko du otsailetik aurrera gurean

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 3a, 14:49

Bilboko metroa, artxiboko irudian.

Hasiera batean ezezkoa izango zela esan zuen arren, azkenean, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) iragarri du herrialde honetako garraio publikoak % 50eko deskontua izaten jarraituko duela, beste urtebetez. Hala, neurriak Barik txartelei ere eragingo die, pertsonalizatuak eta aldi baterako abonuak ez izan arren. Hainbat hedabidek iragarri dutenez, erabakia bihar, eguenean, onartuko du BGPk, gaia jorratzeko deitutako ezohiko bileran. 

Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta udalek osatzen dute Bizkaiko Garraio Partzuergoa, Bilboko metroaren tarifak kudeatzen ditu eta Barik txartelaren erabilera zehazten du herrialdeko gainerako garraiobideetara sartzeko. Bere kontseilu nagusiak abenduaren 26an hartu zuen erabakiak ezinegon handia sortu zuen herritar askoren artean, baita hainbat eragile sozial, sindikal eta ekologisten protestak eragin ere, % 50eko deskontua ez tratatzeagatik, tarifa berriak pertsonalizatutako eta hileko bonu guztien erabiltzaileentzat soilik % 20ko beherapenagaz onartzeagatik, eta bidaiari gehienek erabiltzen duten Barik txartelari neurria ez aplikatzeagatik. Ondorioz, 2022ko irailetik martxan zegoen % 50eko deskontua amaitzear zegoela zirudien, Espainiako Estatuak jarritako % 30eko subentzioari tokiko instituzioen % 20 gehitzen zitzaiona.

Espainiako Gobernuak % 30eko deskontua iragarri zuen joan den abenduaren 28an, eta, bihar, hartara, BGPk bere partea mantentzea erabakiko ei du, iturrien arabera, otsailaren bigarren hamabostalditik aurrera.

Deskontu barik hilabetez

Bizkaibusen, bidaia-txartelak beherapenik gabe erosi behar izan dituzte bidaiariek egunotan. Bilboko metroan –Gazte eta Bidai bonuak barne–, berriz, urtarrilaren 13ra arte mantenduko da laguntza, eta, 14tik aurrera eta bihar BGPn onartu beharreko neurria berriro indarrean sartu arte, txartelaren kostuaren % 100 ordaindu beharko da, aldi baterako bonuetan izan ezik, horiek % 20ko deskontua izango baitute ordura arte.

Otsailaren amaieran berriz ere % 50eko deskontua indarrean sartzen denean hasiko da beherapen-aldia txartel-mota guztietan, eta urte natural oso batean egongo da indarrean, hau da, 2025eko otsailaren egun berera arte.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun