Autobus-lineen sarea berrikusteko eskatu diote Lemoizko, Sopelako, Barrikako, Gorlizko, Plentziako eta Urdulizko udalek Foru Aldundiari

Nahia Martinez Gondra 2024ko urt. 4a, 09:40
Dokumentuak nabarmendu du Lemoiz edo Barrika bezalako herrietan, alternatiba bakarra Bizkaibus-a dela. © BFA

Larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta garraio publikoa aktiboki sustatzeko premia larria ikusita, Sopela, Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizko udalek, hiriarteko garraio-zerbitzuaren hurrengo esleipenari begira, eskaera formal bat egin diote Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailari, eskualdeko autobus-lineen sarea sakon berrikusteko eta aztertzeko. Zehazki, eskatu diote Areeta-Armintza autobus linearako eta Urdulizko ospitalerako sarbidea bermatzeko Atxabiribilko eta Arrietarako auzotarrentzat, baita A2166 Uribe Kosta - UPV/EHU linearako maiztasunak handitzea ere.

Bidalitako dokumentuak eskaera espezifiko bat jasotzen du: Sopelako Atxabiribil (Kukullu kalea) eta Arrietara (Solondota kalea) auzotarrek A3451 Areeta-Armintza lineara sarbidea izan dezaten. Halaber, nabarmendu dute oso garrantzitsua dela auzotar horiek Urdulizko ospitalera garraio publikoaren bidez konektatzea, bai eta A2166 Uribe Kosta - UPV/EHU linearako maiztasunak handitzea ere, zerbitzu hori dagoen eskaria egokitzeko asmoz. 

Sopelako alkatea den Guruzne Carrason alkatearen hitzetan, "berebiziko garrantzia du Atxabiribil eta Arrietara kaleetako bizilagunei A3451 Areeta-Armintza linearako sarbidea bermatzea, baita Urdulizko ospitalerako zuzeneko konexioa ezartzea ere garraio publikoaren bidez, zerbitzu horiek funtsezkotzat jotzen baitira eremu horietako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko". Gainera, nabarmendu du eskaera bateratu honen helburua ez dela soilik "mugikortasun-arazoak konpontzea", baizik eta komunitatearentzat funtsezkoak diren zerbitzuetarako sarbidea bermatzea ere.

Era berean, Foru Aldundira bidalitako dokumentuak A2166 Uribe Kosta - UPV/EHU linearako maiztasunak handitzea ere eskatzen du, zerbitzu hori dagoen eskaria egokitzeko asmoz. "Oso garrantzitsua iruditzen zaigu UPV/EHUn ikasten ari diren gazte sopeloztarren aldarrikapen hori aintzat hartzea, beste udalerri batzuetan ere aldarrikapen partekatua baita", azpimarratu du alkateak.

Dokumentuak azpimarratzen du Uribe Kostako herriek badituztela metroa eta autobusa bezalako garraio publikoko sistemak; hala ere, Lemoiz edo Barrika bezalako herrietan, alternatiba bakarra Bizkaibus da, egungo zerbitzuan muga nabarmenak baititu. Egoera horrek agerian uzten ditu berehalako arreta behar duten hainbat hutsune nabarmendu dituzte:

  • Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako Isuskitza auzoko 10.000 egoiliar inguruk ez dute Urdulizko ospitalera joateko bide zuzenik. Gorlizko ospitalera iristeko, askotan, bi edo hiru garraiobide desberdin hartu behar izaten dira. 
  • Lemoizko eta Barrikako metro-konexioek ordu bakoitzeko maiztasun mugatua dute; Gorlizen, berriz, 20 minuturo eskaintzen da. Garraio-maiztasunaren asimetria horrek egoiliarren mugikortasuna mugatzen du. 
  • Eskualdeko hondartzetako eta herrietako turismoak gora egin du, eta horrek auto-pilaketak eta aparkaldiak eragin ditu, garraio publikoaren aukera gutxi dagoelako. Mungialdetik edo Urdulizetik Armintzara garraio-sarbide zuzenik ez izateak larriagotu egiten du egoera hori, eta eragin kaltegarria du mugikortasunean eta trafikoaren arintasunean. 
  • Udalerri batzuek harreman administratiboak eta sozioekonomikoak dituzte Mungiagaz, baina ez dute zuzeneko konexiorik, hala nola Armintzak Mungiagaz duen harremana Plentzia-Mungia autobusaren bidez. 
  • Lemoizko auzoen arteko konektibitatean gabeziak daude, biztanleen barne-mugikortasuna mugatuz. 

Eskaera hau sinatu duten alkateek arazo horretan elkarregaz lan egiteko konpromisoa adierazi dute, eta bilera bat eskatu dute eskualde osoko autobus-lineen sarea nabarmen hobetzeko hainbat aukera xeheki aztertzen eta eztabaidatzen hasteko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun