EAEko etxebizitzen alokairuari eta tenkatutako eremuei buruzko azterketa argitaratu zuen abenduan Etxebizitzaren Euskal Behatokiak eta, emaitzen arabera, Berangon eta Urdulizen udalerri osoak definituko lirateke gune tenkatu gisa Uribe Kostan; Erandio eta Leioa, aldiz, partzialki. Ikerketaren arabera, Urdulizen, familia-unitate bakoitzak 890,9 euro bideratzen ditu orokorrean alokairura; Berangon, aldiz, 827,4 euro. Eskualdean, median, 793,8 euro inbertitzen dira hilez hil ohiko etxebizitza alokatzeko.
Gaur egungo soldatei erreparatuta, pertsona askori zail –edo ezinezko– egiten zaio bakarrik halako gastu bati aurre egitea, eta, halakoetan, bikotekide, ezagun, senide edo ezezagunakaz partekatu behar izaten ditu gastuok. Etxebizitza partekatuetako gelak etxebizitza oso bat eskuratzeko diru-sarrera nahikorik ez dutenen aukera gisa taxutu da azken hamarkadotan. Hala ere, oraindino ere aukera bat jarraitzen du izaten? Prezioak eskuragarriak al dira? Zer-nolako eskaintza dago logelak partekatzeko gurean?
Gaur egun ez dago alokairuko logelen datu ofizialik Euskal Herrian, ezta prezioaren bilakaerari buruzko zifrarik ere. Hala ere, 2023ko azaro-abenduan Idealista Espainiako Estatuko higiezinen atari handienean argitaratutako eskaintzetatik abiatuta egindako azterketaren arabera, 50 logela zeuden maizter bila Uribe Kostan. Horietatik guztietatik, % 38k 400 euro baino gehiago balio zuen hilean; merkeena 290 eurokoa zen, Leioan, eta garestiena 500 eurokoa, Leioan ere. Iragarki guztietatik, % 80 hiru logelatik gorako etxebizitzetako eskaintzei zegozkienak ziren.
Logela garestienak zituen udalerria Leioa izan zen ikerketa egindako garai horretan, 500 euroan; jarraian Sopela (480 euro) eta Getxo (470 euro). Merkeena, berriz, Leioa ere, lau logeladun etxebizitza batean 290 euroko bat eskaintzen baitzen; ondoren, Getxo eta Urduliz zeuden, 300 euroan alokatzen ziren hiru logeladun etxebizitzetan logela bana baitzegoen.
Gurean, gutxieneko soldata hilabetean 1.260 eurokoa dela –12 hilabetean– eta adituek ohiko etxebizitzaren gastua % 30-35 artekoa izatea gomendatzen dutela kontuan hartuta, kopuru horren bueltan dabilen uribekostarrak 378-441 euro inguru bideratu ahal izango luke alokairurako. Bada, logela-eskaintzaren erdia inguru eskuratu ahal izango luke soilik.
Egoera zaurgarria da, beraz, gazteen artean, horiexek baitira soldata gutxiena jasotzen dutenak. Emantzipazioan laguntzeko, tokiko udalek, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak askotariko subentzioak jarri ditu martxan, baina ezarritako baldintzak ez dira beti betetzeko errazak izaten. Gizon-emakume nagusiagoen artean, berriz, egoera are zaurgarriagoa izan daiteke, adinagatik, soldata baxua jasotzen dutenek laguntza gutxiago jasotzeko aukera izaten baitute kasu askotan.
Egoera bertsua da etxebizitza osoa alokatu gura izatekotan? Higiezinen agentzia bereko datuak aztertuta, 2024ko urtarrilean, 133 iragarki daude Uribe Kostan, erdia baino gehiago Getxon (99). Garestiena 6.900 euroan dago, Getxon, eta merkeenak 700 euroko logela bakardun etxebizitzak dira, Gorlizen eta Barrikan kokatuta daudenak, hain zuzen. Bada, argi ikus daiteke lehenengo aukera kenduta, merkeenari aurre egiteko bakarrik, interesdunak 2.300 eurotik gorako soldata izan beharko lukeela, edo, berriro ere, bikotekide, lagun, ezagun edo ezezagunen bategaz etxebizitza osoa alokatu eta denen artean zenbatekoa modu proportzionalean ordaindu, edo etxebizitzaren logeletakoren bat hirugarren bati –edo gehiagori– berrakuratu.