Getxo Kirolak-eko abonatuentzat soilik diseinatutako hainbat jarduera eskainiko ditu Berangoko Sputnik Climbing eskalada zentroak

Erredakzioa 2024ko urt. 9a, 13:04

Berangoko eskalada gunea. © GETXOKO UDALA

Getxo Kirolak-ek lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Berangoko Sputnik Climbing eskalada zentroagaz, eta, horri esker, abonatutako pertsonek Getxoko kirol erakundearentzat soilik diseinatutako hainbat jarduera baliatu ahal izango dituzte.

Horrela, Getxo Eskala programak familiei eta eskaladaren mundura beren kabuz edo taldean hurbildu gura dutenei zuzendutako jarduerak eskainiko ditu. Familientzako proposamenaren kasuan (4 urtetik gorako seme-alabak dituztenak), Sputnikek ordu eta erdiko saio bat proposatzen du, irakasle adituakaz jolasen eta dinamiken bidez eskaladaren oinarrizko ezagutza batzuk eskuratzeko. Jarduera horren prezioa 18 eurokoa da pertsona bakoitzeko (38 euro jarduera tokiko instalazioetako kantinan menu osasungarri bategaz amaitu gura bada).

Gainera, Getxo Kirolak-eko 14 urtetik gorako abonatuek, kirol-modalitate horretara hurbildu gura badute, banaka edo taldeka ere egin ahal izango dute ordubeteko saio espezifikoetan, irakasleakaz ikasteko saioa eta ondoren norberaren kontura praktikatzen jarraitzeko aukera barne. Prezioa 22 eurokoa izango da pertsonako (eta 42 eurokoa menu bat sartu gura bada).

Getxo Kirolak-eko abonatuak zuzenean jar daitezke harremanetan Sputnik Climbing-egaz, bere webgunearen bidez, bere telefonoaren bidez, 747 454 264, edo emailez: berango@sputnikclimbing.com.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun