Euskal kostaldera heldu litezkeen plastikozko bolengatik larrialdi plana aktibatu dute

Ander Zarraga 2024ko urt. 9a, 15:41
Galiziako kostaldean azaldutako mikroplastikoak Euskal Herrira ere helduko direla aurreikusten dute adituek.

Korronteen eraginez, litekeena da egun gutxiren buruan Galiziako hondartzetan agertu diren milioika plastikozko bolatxo Euskal Herriko kostaldean ere azaltzea. Momentuz, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, AZTIgaz lankidetzan, egoera aztertzen ari direla adierazi eta bolatxoak itsasoan bertan harrapatzen saiatuko direla aurreratu dute, horiek kostaldera heldu baino lehen.

Aurreko abenduaren 8an, Tocano garraio-ontziak sei kontainer galdu zituen Portugaleko kostaldean. Besteak beste, karga horretan 26.000 kilogramo plastiko bolatxo edo pinporta zeuden, eta bost egun beranduago hasi ziren horiek Galiziako kostaldean azaltzen. Plastikozko pinporta horiek Asturiaseko kostaldean ere azaldu dira, eta itsas-korronteen eraginez gure kostaldera egunotan helduko direla aurreikusi dute.  

Daborduko, Eusko Jaurlaritzak Itsasertza izeneko Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Larrialdi Plan Berezia aktibatu du. Hala jakinarazi du gaur goizean Arantxa Tapia Ingurumen eta Garapen Ekonomikoko sailburuak, eta azpimarratu du, "arazoa larria izan arren", gertaera honek ez duela zerikusirik 2002ko Prestigen hondamendiagaz. Sailburuak azaldu du helburua plastikoa itsasoan batzea dela, kostaldera heltzen bada garbitze-lana askoz nekezagoa izango litzatekeelako.

Arduradunek azaldu dutenez, plastiko horien arriskuak, momentuz, ez du zerikusirik toxikotasunagaz, baizik eta kate trofikoan duen inpaktu larriagatik. "Arrainek eta hegaztiek material hori elikagaiagaz nahastu dezakete, eta jaten badute digestio-sistemari eragingo lioke: bete egingo lirateke, eta ezin izango lukete jaten jarraitu, eta, beraz, gosez hilko lirateke", azaldu du Tapiak.

Plastikozko perla edo pinporta horiek produktu plastikoak fabrikatzeko erabiltzen den lehengaia dira, horiek urtu eta gura den produktua fabrikatzeko erabiltzen diren polimeriak dira, hain zuzen ere.

Gurean, Plentziako Udala izan da ardura azaldu duen lehengoa, eta Aitor Garagarza alkateak gutun bat bidali dio zuzenean Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioari, "berehalako neurri eraginkorrak har ditzala" eskatzen. Halaber, idatzi horretan azpimarratu dutenez, "egoera horren larritasunak zuzenean" eragiten dio Plentziari, "gure itsasertzetan eta itsas ekosistemetan eragina izateko arriskua baitago". Mehatxu horren aurrean eskatu diote jarduera-protokoloa ezagutzea eta "prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezartzea ere".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun