#0KM - Berton bertokoa

Txili Lauzirika: "Ikasle gutxi direnez, ia propio sortutako metodologia bat dago haiei egokituta"

Nahia Martinez Gondra · Hodei Torres 2024ko urt. 17a, 13:37

Plentziako Jentilbaso euskaltegia 1997an sortu zen, baina aurretik ere gau eskolak ematen zituzten bertan. Metro geltokiaren ondoan kokatuta, Txili Lauzirika AEK irakaslearen aburuz, hurbiltasuna da euskaltegiaren bereizgarri nagusia, izan ere, irakasle zein ikasleak herrikoak direnez,  "erraztasun komunikatibo eta identifikatzaile bat dute". Hala, AEKren helburu nagusia Euskal Herri euskalduna erdiestea dela adierazi du, betiere metodologia komunikatibo eta parte-hartzaile batetik abiatuta.

Txili Lauzirikaren esanetan AEKren filosofia militantea da irakaslegoaren eta entitatearen aldetik: "Gure misioa da lanik gabe gelditzea; horrek esan nahiko luke Euskal Herria euskalduntzea lortu dugula". Gainera, izaera parte-hartzailea dute, herrigintzan, kulturgintzan eta euskalgintzako alor guztietan aritzen direlako. Horien artean, Korrika nabarmentzen da, AEKaren barnean diharuen misio esanguratsu eta ezaguna. Hala, Lauzirikak argi du AEK bertan parte hartzen duten ikasle guztiek osatzen dutela: "AEKako bizkarrezurra ikasleria da".

Jentilbaso euskaltegia Plentzian kokatuta egon arren, Gorlizko euskaltegiagaz elkarlanean aritzen da: "Plentzia eta Gorliz entitate bakarra direla esan genezake. Goizez bi taldek behe urratsak ematen dituzte Plentzian. Guraso taldeak daude eta institutuko errefortzu klaseak ematen dituzte C1 eta HABEko 3. mailetarako. Goi urratsak, aldiz, Gorlizen ematen ditugu, toki urritasunagatik". Modu horretan, klase guztiak 16 urtetik gorako ikasleei zuzenduta daude, "ikasleek beren ikaste-prozesuan ardura bat erakusten hasten direlako".

Lauzirikak dioenez, irakasle eta ikasle guztiak herriko bizilagunak dira, eta guztiek ezagutzen dute elkar. Horrek, ikaste prozesua errazten du. "Talde txikiak izanda, heterogeneitate handia dago. Bederatzi lagun badaude, mailakatze ezberdinak daude, eta gutxi direnez, ia propio sortutako metodologia bat dago ikasleagoari egokituta". 

Iraganeko eta gaur egungo ikasleak alderatuz, Lauzirikak ezberdintasun nabaria igarri du. Hala, zailtasun berriei egin behar diete aurre irakasleek: "Egiaztagiriak pisu handia du. Ramon Saizarbitoriak esan bezala, garai batean euskara jakitea zen euskaldun egiten gintuena eta gaur egun euskara jakitea da oposizioetan puntuak ematen digun zerbait. Hor dugun erronka nagusia da nola irauli ikuspegi hori, batik bat ikasleari laguntzeko bere ikasketa prozesuan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun