Uribe Kosta ezagutzen

Itsasoari eta burdinari begira

Erredakzioa 2024ko urt. 19a, 14:22

Avanzadan, eskualdetik irten edo sartu guran, nork ez dio erreparatu Artatzako biribilgunean dagoen burdin zati erraldoiari? Eguneroko paisaian txertatutako eskultura da, baina zenbatek dakite zer esan gura duen horrek? Eta zeinek daki, sikiera, zer izen duen?

Getxo eta Leioa artean, eskualdeko kostalderako ate gisa, auzokide eta bisitariei ondoetorria –edo agurra– egiten die Nestor Basterretxea bermeotarraren Bizkaia, una ola de hierro - Bizkaia, burdinezko olatua (1989) izeneko eskultura erraldoiak. 10 metroko altuera du, eta corten altzairuz eta hormigoiz egina dago. Adituek diotenez, foru lurraldeari buruzko alegoria bat da, abstrakzioaren eta figurazioaren artean kokatuta, gizartearen egoerei aurre egiteko herritarren esfortzuari erreferentzia egiten diona. Izan ere, itsasoaren eta burdin-materialaren arteko tentsioan oinarrituta, ontzigintzari eta metalurgiari lotuta dago, Bizkaiak bizi izan duen oparoaldiaren harira.

Jatorriz, ura eskulturaren planoen eta bolumenen artean mugitzen zen, eta egituraren hormigoizko oinarriak zubi forma du; altzairuzko xaflen forma geometrikoakaz du harremana, nolabaiteko elkarrekintza irudikatu guran. Gainera, eskultura inguratzen duen urmael zirkular bat dago, eta horren islek ere garrantzi handia dute kontakizunean.

Bibliografia:

Saenz de Gorbea. Eskuinaldea. Promozio Turistikorako Zuzendaritza Orokorra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun