Barikutik aurrera ez da derrigorrezkoa izango musukoa erabiltzea osasun-zentroetan

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 31a, 17:08
Artxiboko irudia.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du, maskara erabiltzeko gomendioari eusten dion arren, Arnas Infekzio Akutuen tasa berriro jaisteak aukera ematen diola bertan behera uzteko Espainiako Osasun Ministerioak ezarritako derrigortasuna.

Etzi, barikuan, EAE osoko osasun-zentroetan musuka erabiltzeko derrigortasuna bertan behera utziko du Jaurlaritzak. Horrek maskara erabiltzeko gomendioari eusten diola azpimarratu du. Hala ere, egunotan Arnas Infekzio Akutuen tasa berriro jaitsi da eta, hala, Espainiako Osasun Ministerioak ezarritako neurria bertan behera uztea ahalbidetzen dio Osasun Sailari.

2024ko laugarren asteari dagokion Arnas Infekzio Akutua zaintzearen azken txostenak aditzera ematen du gripearen birusaren zirkulazioak eta COVID-19aren intzidentziak berriro behera egin dutela, baita Arnas Birus Sinzitalaren detekzioak eta bronkiolitisaren diagnostikoak ere.

Oro har, emandako datuen arabera, Arnas Infekzio Akutuaren tasa Lehen Mailako Arretako sarean 100.000 biztanleko 516,3 kasukoa izan da (aurreko astean 562,9 kasukoa izan zen). Adin-tarteen arabera, eta aurreko astearekin alderatuta, tasek behera egin dute 15 urtetik gorakoen kasuan, eta gora egin gainerako kasuetan. Izatez, 0 eta 4 urte arteko taldeak izan du tasarik handiena, 100.000 biztanleko 2.214,7 kasu.   

Osakidetzako ospitale-sarean Arnas Infekzio Akutu larrien tasak behera egin du, aurreko asteko 100.000 biztanleko 21,1 kasutik azken aste honetako 100.000 biztanleko 15,9 kasura. Aurreko asteko tasen aldean izan den jaitsiera adin-tarte guztietan gertatu da, eta oraindino ere 64 urtetik gorako pertsonek dute tasarik handiena. Ospitaleratzeetan gripe kasu positiboen ehunekoak behera egin du ere, % 25,9tik % 23,1era, eta COVID-19aren kasuek ere behera egin dute, % 11tik % 7,7ra. Gauza bera gertatzen da Arnas Birus Sinzitalagaz, aste honetan % 8,2koa da, eta joan den astean % 9,5ekoa izan zen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun