Erandioko Berbots, Getxoko Egizu, Leioako Berbaldun eta Urdulizko berbalagun taldeak bat egingo dute hilaren 24an egingo duten Berbalagunen mendi-irteeran. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, euskaraz aritzeko elkartzen diren talde horien helburu nagusietako bat euskaldunen arteko sareak eraikitzea bada, "modu xumean eta aisialdia baliatuta", eskualdeko taldeak batzen hasi dira, "eskualdeko ekintzak batera antolatzeko eta gure arteko harremanak josteko".
Hala, hilaren 24an, hiru orduko txangoa egingo dute Bolue-Martiartu-Bolue ibilbideagaz. 09:30ean jarri dute hitzordua Boluen bertan, eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango bada ere,partaideak ez dute zertan berbalagun talde bateko kideak izan behar, "bai ordea jarduera osoan zehar euskaraz egitea, duzun euskara duzula, eta duzun maila duzula".
Izen-ematea lotura honen bitartez edo honako kontaktuen bitartez egin beharko da: Erandioko Berbots (621 270 546), Getxoko Egizu (722 789 302), Leioako Berbaldun (688 850 129) eta Urdulizko Berbalagunen Taldea (berbalagun.urduliz@gmail.com).