Zapatuan, 19:00etatik aurrera egingo duten lehen saioan arituko diren eskualdeko bertsolariak hauek izango dira: Arrate Illaro, Oier Aizpurua, Beñat Lopez eta Galder Bilbao Txapi. Lehen kanporaketa hori Berangoko Frontoi tabernan izango da, ostera, 20:30ean egingo duten bigarren kanporaketarako Nebarrebak tabernara mugituko dira eta hauek izango dira horretan arituko diren bertsolariak: Jone Uria, Peru Vidal, Xabi Sainz de la Maza eta Maialen Lago.
Hurrengo aste-akabuan, martxoaren 15ean, Sopelan egingo dituzte bigarren kanporaketak. Lehen txanda 19:00etan hasiko dute Etxekhi tabernan eta Kerman Diaz, Imanol Uria, Aritz Landeta eta Naroa Torralba arituko dira aurrez aurre. Horren ostean, Paule Loizaga, Peru Irastortza, Joanes Igeregi eta June Diaz bertsolarien txanda izango da 20:30ean, Laiak tabernan.
Uribe Kostako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak eta final handia hilaren 23an egingo dute Algortan, goizetik hasiko den egitarau bategaz. Lehen kanporaketa 12:00etan izango da Villamonte tabernan, bigarrena, 17:00etan Saniko tabernan eta hirugarrena 18:30ean Katea tabernan. Azkenik, finala 21:30ean egingo dute Azebarri kultur elkartean, eta bertan jakinaraziko dute nork bereganatuko duen aurtengo eskualdeko bertsolaririk onenaren txapela.