Bizkaiko Bertsozale Elkarteak laugarrenez antolatuko du Bizkaiko Taldekakoa, bertso-eskolak eta bertsozaletasunaren oinarriak hauspotzeko asmoa duen lehiaketa. Azaldu dutenez, lehiaketaren xedea da "gune ludiko bat" sortzea, giro informalean bertsolari hasiberriei edo txapelketetan aritzen ez direnei plazarako bidea errazteko. Horrez gain, lehiaketa horrek epaile, antolatzaile eta gai-jartzaile berriei ere egingo die lekua; izan ere, martxoaren 20an horientzako formazio saioa ere egingo dute.
Aurtengo edizioan, herri edo eskualdeetan banatutako sei eta hamar kide arteko 16 taldek eman dute izena, guztira 120 parte-hartzaile izango dituztelarik. Gure eskualdetik Karidadeko Masokistak, Pirata bertso-taldea eta Leioatik Leioara izan dira aurkeztu diren taldeak.
Lehen multzoa osatzen dute Beñat Lopez, Oier Aizpurua, Josu Landeta, German Kortabarria, Iñigo Kortazar, Aitor Fernandez de Martikorena eta Peio Arondo. Aldiz, Plentzia, Gorliz, Lemoiz eta Urdulizetik joango diren piratak hauek izango dira: Erlantz Ibargurengoitia, Maialen Markaida, Jon Etxebarria, Peru de Pedro, Joanes Igeregi eta Gabi Basañez. Azkenik, Peru Vidal, Inazio Vidal, Beñat Vidal, Xabier Sainz de la Maza, Galder Bilbao eta Jon Ortiz izango dira Leioatik joango diren bertsolariak.
Txapelketak bi fase izango ditu: kanporaketa-fasea eta finalaren eguneko finalaurrekoa eta azken saio handia. Guztira zortzi kanporaketa egingo dituzte martxoaren 15etik maiatzaren 3ra bitartean, eta azken saioa maiatzaren 25ean egingo dute Arrigorriagan. Tartean, apirilaren 17an Algortan egingo dute kanporaketa eta 20an Leioan eta Urdulizen.