Osakidetzako iturriek azaldu dutenez, SMS mezularitza-sistemak aukera emango du hitzordua gogoratzeko eta, hala badagokio, behar besteko aurrerapenaz hitzordu hori ezeztatzeko, joaterik ez badago. Mezuan adieraziko dira pazientearen jaiotza-data (identifikazio gisa), hitzorduaren eguna, ordua eta zerbitzua, eta hitzordua aldatu edo bertan behera utzi behar izanez gero, deitu beharreko telefono-zenbakia. Telefono bidezko arreta-ordutegia 08:00etatik 20:00etara da, astelehenetik barikura.
Sistema hori ezartzeak arreta espezializatuan hitzorduak kudeatzea erraztuko duela iragarri dute arduradunek. Gaur egun, Uribeko ESIak 175.000 biztanleri eskaintzen die zerbitzu hori, 18 udalerritan banatuta: Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz, Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungia. Azterketa eta kontsulta espezializatuak Urdulizko ospitalean eta Areeta, Algorta eta Mungiako osasun-zentroetan egiten dira. Erandio Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIko parte da.