Duela urte erdi itsasoratu zuten Demosath izeneko aerosorgailu flotagarria, eta Armintzako portutik bi itsas-miliara kokatuta zuten. Ordutik, hainbat proba egin dituzte eta horiek eman duten emaitza onak direla eta, Saitec ingeniaritza-enpresak iragarri du 2027ko amaieran martxan jarri gura duela Geroa itsas parke eolikoa.
Enpresako arduradunek iragarri dutenez, hiru aerosorgailu jartzeko asmoa dute 45 eta 48 megawatt sortzeko, 45.000 etxebizitza ingururen energia-beharrak estaliko lituzkeena.
Demosath izeneko prototipoa Armintzatik bi itsas-miliatara dago, 85 metroko sakonerako gunean, eta Bilboko portuan eraiki zuten bi plataforma flotatzaileren gainean flotatzen du. Joan den udan, lekualdatu ondoren, Demosath prototipoa irailetik dabil Bimep proba-gunetik sarera energia iraultzen.
Momentuz, arduradunek azaldu dute teknologia sendotu egin behar dutela. Horrez gain, aerosorgailuak jartzeko itsas-eremuak erabiltzeko legeria ere ari dira garatzen, oraingoz, EAEk ez baitu helburu komertzialetarako ofizialki esleitutako eremurik, baina Bimep 2 merkataritza aurreko helburuetarako eremu gisa katalogatua dago, laborategiaren eta ustiapen komertzialaren arteko tartekotzat jo daitekeena, hain zuzen ere.