Getxo eta Leioako ikasleak hartzen dituen zentroren ardatzetako bat da Bizikidetza deitu duten estrategia, eta horren barruan, Bizikidetzaren Aldeko Taldea (BAT) osatu zuten iazko ikasturtean, irakasle, orientatzaile eta zuzendaritza taldeko kideek. Prebentzio, kontzientziazio eta kohesio lanak duen garrantziaz jabeturik, egitasmoaren helburua da ikasleen ongizatea bermatzea; horretarako, hainbat ekintza antolatu dituzte ikasturte honetan zehar.
Ekimen horretako hitzordu nagusia atzo izan zuten, 08:30etik 14:30era antolatu zuten egun osoko egitarauagaz. Hasteko, goizean, Itzulbatzeta/Romoko Bunker boxeo klubeko kideek tailerrak egin zituzten ikasleakaz, autokontrola, elkar-zaintzea eta elkarrekiko errespetua kirolean zein bizitzan duen garrantzia azpimarratzeko. Horrez gain, Iñaki Zubizarreta saskibaloi jokalari ohiak ere jazarpenaren prebentzioaren inguruko hitzaldi parte hartzailea eman zien Romo Kultur Etxean.
Halaber, ikasleek kohesio eta ezagutza jolas-dinamikak egin zituzten irakasleakaz batera, talde pertenentzia eta ezagutza indartzeko. Jardunaldian, zinemarentzako astia ere izan zuten, gazteek film laburren aukeraketa batez gozatzeko aukera izan baitzuten, gero ikusitakoaz eztabaidatzeko eta hausnartzeko. Bukatzeko, parte-hartzaileek familia-argazkia ere atera zuten, beren gorputzakaz BAT erraldoi bat irudikatuz.
Horregaz batera, ikastetxeko Arte Batxilergoko ikasleek, mural bat egiteari ekin zioten ikastetxeko horma batean, zentroko elkarbizitza osasuntsuaren inguruko mezua hormetan ere gelditu dadin.