Topaketa hauen jatorria 1983an egin zituzten Euskadiko Lesbianen topaketetan dago. Antolatzaileek nabarmendu dute ordutik borrokak bere bide propioa egin duela, "lorpenekin, testuinguruko aldaketekin, bolleraren subjektuaren berrikusketekin", baina aitortu dute oraindik badela zer landu eta hobetu: "Jasaten ditugun zapalkuntzen aurkako borrokek beharrezkoak izaten segitzen dute".
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, bidean ikusi dute bollera eta nortasun disidenteek ezinbesteko beharrak dituztela, hala nola barne- eta kanpo-berrikusketarako, saretzeko, behar eta kezkak erdigunean jartzeko, aliantzak sortzeko, erronka eta generazio berriei ateak irekitzeko. Horregatik, Leitzan egingo dituzten topaketetan horretarako aukera ere izango dutela iragarri dute: "Baita borrokan eta mugimenduan segitzen dugula berresteko ere".
Hala, apirilaren 26tik 28ra Leitzan Euskal Herri osoko 400 lagun inguru biltzea aurreikusi dute, "toki eta belaunaldi desberdinetako jendearengana heltzeko ahalegina" egiten ari baitira. Horretarako, egitaraua oso ere prestatu dute: bertso-saioa, berbaldiak, tailerrak, karaokea, proiekzioak, performanzeak, arte sorkuntzak... Leitzako topaketetan izena emateko epea gaur bertan itxiko dutela iragarri dute antolatzaileek, baina oraindik bertaratu daiteke lotura honetan izena emanez.
Algortan eta Leioan ere
Bitartean, Euskal Herriko Bollotopaketen berri emateko, gaur hitzaldia egingo dute Algortako Abian kultur elkartean, 19:00etan. Gainera, hurrengo barikuan, hilak 19, Uma Ulaiza eta Maider Barañanok Bollerismoa eta klase borroka, emakumetasunaren aboliziorantz izenpetu duten hitzaldia emango dute. Leioako Kurkudi elkartean izango da, 19:00etan.
Ver esta publicación en Instagram