Harrotu eta trinkotu

Josu Esnaola 2024ko api. 19a, 08:46

Aurton martxoan egin dugu Korrika. Inoiz baino jende gehiagok parte hartu duela esan dute antolatzaileek, pantailen bidez jarraitu dutenak ere aurrekoetan baino askoz gehiago izan omen  dira. Harro egoteko moduko datuak.

Harrotzekoa da, era berean, Korrika aurrera eramateko AEK-kideek eta herrietako batzordeetan parte hartu duten herritarrek egindako lana. Horri esker, herri askotan inoizko jarduera gehien izan dugu euskaraz, bai kulturalak bai ludikoak ere. Zuek zarete, erdaren zaparradapean itoko ez bada, euskarak bizirauteko, eta are gehiago hazteko, beharrezkoa duen lur harroa.

Alabaina, ez gaitezen gehiegi harrotu. Arrakastaren aparra lehenera etorriko da, eta aurrera egitekotan, pausoa motelduta txiri-txiri jarraitu beharko dugu bakoitzak bere soloan euskara ongarritzen eta jorratzen.

Horretan dabiltza, besteak beste, asterik aste berba-taldeetan elkartzen diren euskaldunak, apal-apal. Apirilaren 28an, Kanpomartxo jaiarekin bat eginda Erandion elkartuko gara Euskal Herri osoko lagunak harremanak zabaltzeko eta trinkotzeko.  Ez du Korrikak beste lagun elkartuko, ez du Korrikak duen oihartzuna izango, baina harro egoteko modukoa izango da.

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun