Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Denis Itxaso, PSE-EE: "Alderdi sozialistak erakutsi du badituela seriotasuna eta kudeatzeko gaitasuna"

Txomin Madina Milikua 2024ko api. 17a, 08:55

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua da Denis Itsaso. 1975an jaiotako donostiarrak Zientzia Politikoak ikasi zituen eta hainbat kargu izan ditut bere ibilbide politikoan; azkena Espainiako Gobernuaren ordezkaria izatea EAEn.

Inkestak "errespetuz" irakurtzen ditu PSE-EEk, Denis Itxasoren (Donostia, 1975) arabera, inkestak besterik ez delako eta iritziak baldintzatzeko egiten direlako. Alderdi sozialistako lehendakarigai Eneko Anduezak kanpainan planteatu du lortutako eskumenetan sakondu behar dela, eta Itxasok fiskalitatea gaineratu du: "Uste dugu Gernikako Autonomia Estatutua garatu den moduan, gure ekonomia garatzeko berebiziko tresna bihurtu denean, mereziko lukeela barrurantz begiratu eta autogobernua eraldatzea Eusko Legebiltzarra izan dadin gure fiskalitatea erabakitzen duena".

Halaber, uste du industriak BPGan behera egin duela eta esparru horri pisu handiagoa eman beharko lioketela. Hala, azpimarratu du turismoa ari dela pisua hartzen: "Zerbitzuen arloan ere gehiago egin dezakegula uste dut, eta turismoaren kudeaketa orekatua nahi dugu. Tasa turistikoa martxan jarri beharko genuke".

Trantsizio energetikoaz galdetuta, euskal ekonomia energia beharretan "oso intentsiboa" dela dio, eta asko behar duela industriaren zati batek: "Ez gara gai kontsumitzen dugun energia guztia ekoizteko. Uste dugu parke eolikoak beharrezkoak izango direla".

Lanpostu publikoetan euskara eskakizunari buruz dio arreta publikoan ziurtatu egin behar dela, baina arreta publikora bideratuta ez dauden lanpostuetan ez duela lehentasunik izan behar.

Erabilgarri izan nahi dute, eta irabaztera doazela dio. EH Bildurekin ez du ikusten gobernatzeko baldintzarik: "Oraindik badago ibilbide etiko bat egiteko, eta herri ereduan ere ez gatoz bat hainbat kontutan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun