2024/04/20 20:30
Apirilaren 20an (larunbata) Saioa Iribarrenek zuzendutako antzerki pieza ikusteko aukera egongo da Abian Kultur Elkartean (bidebarri 2, behea, Algorta). 20 minutuko iraupena duen ikuskizun labur honetan, Gaizka Chamizo, Nerea Ariznabarreta eta Ander Basaldua aktoreek guda garaiko istorio bat taularatuko dute, maitasun istorioa ere badena. Izan ere, familia guztietan dago gogora ekartzea merezi duen istorio bat, eta kasu honetan, Amatxiren lehengusinarena da, guda garaiko istorioa, maitasun istorioa.
Agus Perezek Berria egunkarirako egindako kronikan zioenez: lan honek ikusleen harridura piztu du, eta emaitza horretan eragin zuzena eduki dute eremu eszenikoaren disposizioak, jantzi egokiek, musikaren erabilerak —ahotsak, gitarra eta txirula—, erritmo sostengatuak, soinu-efektu politek, euskara txukunaren jariotasunak eta, zelan ez, hiru antzezleen entrega eta dohain ukaezinek.
Sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte, eta ikuskizuna 20:30etan hasiko da.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!