LABek 50 urte zabaltzen

Iraide Juaristi 2024ko api. 17a, 10:10

Sindikatuaren 50. urteurreneko ekitaldia egin zuten apirilaren hasieran, Bilboko Euskalduna jauregian. © LAB SINDIKATUA

Lemoizko Zentral nuklearraren kontrako borroka, euskararen aldeko mobilizazioak, Troquenorren itxialdia lanpostuen defentsan, Cablesen itxieraren kontrako herri indarra, Alconzako kaleratzeen kontrako piketeak, jangeletako matxinada, kutsaduraren kontrako ekimenak Anton Fernandez eta Josu Murueta gogoan, asanbladak, grebak, Greba Orokorrak, Greba feministak, mobilizazioak, errepide mozketak, pikete feministak, alternatiba ekosozialak... Klase borroka, langile boterea.

Luzea da langile borrokaren eta borroka sozialen historia gure eskualdean; langileok protagonista izan gara, eta LAB bidelagun. Sustraiak gure herrian, Euskal Herrian, dituen sindikatua gara. Erandioko astilleroetan, Mungiako poligonoetan, Txorierri luze-zabalean… lantoki handi zein txikietan eta kalean LABeko militanteek 50 urtez egindako lanak ekarri gaitu honaino.

50 urteko lan honek egin du LAB errotutako sustraiak, enbor sendoa eta zabaltzen ari diren adaxkak dituen sindikatua izatea. Enbor sendoa, konbikzio sendoak, independentzia eta sozialismoa ADNan dituen zuhaitza da gurea, feminismoz, ekologismoz, antiarrazismoz eta euskaltzaletasunez gaurkotua, adarrak etorkizunari zabalik dituena, indibidualismoaren eta prekarizazioaren aurrean, borroka berrien gotorleku izateko.

Gero eta gehiago gara. Eta zabaltzen jarraituko dugu, gure eskaintza sindikala Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten langile guztientzat tresna izateko, borrokarekin lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko, herri hobe baten bizitzeko. Borrokan elkartuko gara berriro.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun