Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Miren Echeveste, Elkarrekin Podemos: "Berriz ere EAJri gobernua emateko asmorik ez daukan ezkerra gara gu"

Txomin Madina Milikua 2024ko api. 18a, 09:00

1982an Irunen jaioa eta Itzulpengintzan eta Interpretazioan lizentziatua, Elkarrekin-Podemosen Gipuzkoako zerrendan bigarrena den Miren Echeveste lau urtez zinegotzi izan zen bere jaioterrian eta iaztik Gipuzkoako batzarkidea ere bada.

Eskuinarekin gobernatzeko asmorik ez duen ezkerreko alderdi bezala definitu du Miren Echevestek (Irun, 1982) Elkarrekin Podemos. Osasungintzan pribatizaziorako bidea "mugarik gabe" ireki dela dio eta publikoa den zerbitzuak publikoa izan behar duela, "guztiontzako berdina". Langileen egonkortze prozesua egin behar dela dio: "15.000 langile inguru dauzkagu behin-behineko kontratuekin. Has gaitezen dauzkagunak egonkortzetik. Ondoren ikus dezagun non, zenbat eta ze lekutan". Halaber, langile publikoen greben aurrean dio "negoziazio kolektiboa" behar dela eta akordio batera heldu arte ez dela mahaitik altxatu behar.

Legebiltzarra trantsizio energetikoa "presaka" egiten ari dela dio, eta adierazi du Elkarrekin Podemos ez dagoela ados nekazaritza-lurrak energia berriztagarrietako azpiegiturak jartzera bideratzearekin, ezta enpresek kanona ordaintzearekin ere, badaudelako nekazaritzari kalterik egiten ez dioten beste eremu batzuk eta ingurumena bigarren mailan geratzen delako: "Has gaitezen antropizatutako eremuetan ahal dugun instalazio fotovoltaiko gehienak instalatuz".

Etxebizitzari lotuta, gazteen emantzipazioan jarri du azpimarra, prezioengatik ezin direlako emantzipatu batez beste 30 urtera arte. "Nahi badiegu hurrengo belaunaldiei emantzipatzeko aukera bat eman, etxebizitza publikoak eduki behar ditugu", dio.

Hauteskundeen ostean, euren babesa beharrezkoa bada, "eskubide unibertsalen alde egiten duen gobernu-proiektu baten alde" egingo dutela aurreratu du, "iraultza" eta "aldaketa" egin behar direla uste baitute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun