Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Andeka Larrea, Sumar: "Gure helburu politiko nagusia da Euskadik behar dituen zerbitzu publikoak berreskuratu eta indartzea"

Txomin Madina Milikua 2024ko api. 19a, 08:40

1972an Bilbon jaioa, Filosofian eta Gizarte Antropologian lizentziaduna den Andeka Larrea da Sumarren Gipuzkoako zerrendaburua. az da berria politika kontuetan, 2017 eta 2020 urteen artean Elkarrekin Podemoseko bozeramailea izan zelako.

Espainiako Gobernuan Sumar egiten ari den politika progresistak "oso garbiak" direla gaineratu du Andeka Larreak (Bilbo, 1972). Helburu politiko nagusitzat dituzte zerbitzu publikoak, eta horiek "berreskuratu eta indartu" nahi dituzte alderdi guztiekin hitz eginez, baita langileekin eta euskal gizartearekin ere. Osakidetzaz hitz egin du eta azaldu du herri zerbitzu bezala funtzionatzeko herri akordioa eskatzen duela. Funtzionarioen grebei dagokienez, uste du badela garaia langileen sindikatuen eskaerak entzuteko.

Hauteskunde programan Trantsizio Energetikorako Legea "etsigarria" dela dio Sumarrek, Larrearen esanetan, multinazionalei ematen zaielako aukera trantsizio energetikoaren lidergo izateko: "Uste dugu diagnostiko partekatua egin behar dela, trantsizio ekologikoa eta ekonomikoa. Gure programan agertzen dira neurri batzuk oso ezberdinak direnak legearekiko. Kontsumitzeko aukerak eta diru-laguntzak herri komunitateentzat, adibidez".

Etxebizitzei dagokienez, etxebizitzaren alokairuaren prezioak norberaren soldataren %30 izan beharko luke. Horrekin batera, gehitu du etxebizitzaren gaiak politika publikoa izan behar duela eta ezin dela utzi negozio pribatuaren esku.

Legebiltzarrean ordezkaritza izango duten ziurtasuna dauka Larreak, eta gehiengo absoluturik ez badago prest daude proposamenak eta legeak negoziatzeko; hala ere, "politika kontserbadoreak" egiten dituztenekin ez dute inolako akordiorik izango, "ez badago aldaketa nabaririk politiketan".

Lan-kulturen isla

Debagoieneko kooperatibismoa mundu osoan eredugarria dela azpimarratu du Sumarreko ordezkariak. Tradizio propioak ere nabarmendu ditu; bereziki, euskara eta horren bueltako ondarearen zaintza.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun