Uribe Kostako Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatua sortu du

Iker Rincon Moreno 2024ko api. 19a, 10:51

Etxebizitzaren alorrean "autodefentsa sozialista" antolatzeko asmoz, Uribe Kostako Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatua jarri du martxan gurean. Azaldu dutenez, eremu horretan bizi-baldintzak hobetzearen alde jarduteaz gainera, "borroka bakoitzean metatutako indarrak Estatu Sozialista eraikitzera bidean kokatzen ditugu, hori baita etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsalerako berme bakarra". Sindikatua aurkezteko hitzordua maiatzaren 12an jarri dute, domekan, Algortako Villamonte kultur etxean, 11:30ean.

Kontseilu Sozialistak nabarmendu du krisi kapitalistak "gogor" kolpatzen dituela langileak: "Gero eta erosahalmen txikiagoa dugu bizi-bitartekoen prezioak etengabe igotzen diren bitartean, lan-baldintzen okertzea, zerbitzuen kalitatearen kaskartzea...". Horrek guztiak, gainera, burgesiaren erasoaldiari erantzuten diola azpimarratu du, "langileon poltsikoak sakeatu eta gure bizi-baldintzen okertzetik eskuratzen baitute etekin ekonomiko handiena".

Politikari profesionalen kontra ere jo du Kontseilu Sozialistak, langileen bizitzak hobetuko dituztela agintzen duten bitartean, "burgesiaren ofentsibaren kudeatzaile" direlakoan. "Politikari profesionalek egiten dituzten proposamenek ez dute soluziorik ekarriko, partxeak besterik ez dira gero eta jende gehiagoren miseriazko bizitza bat estaltzen saiatzeko".

Etxebizitzari dagokionez, testuinguru horretan, etxebizitzen kalitatea kaskartu dela, alokairua eskuratzeko irizpide arrazista eta klasistak direla, laguntza baztertzaileak daudela, etxegabetzeak eta prezioak igo direla deitoratu dute. "Gizarte kapitalistan, jabe handi zein txikientzat etxebizitza dirua arpilatzeko bitartekoa da, eta horretarako proletargoa ero eta gehiago itotzen dute; gainera, egoera horren aurrean, politikari instituzionalen papera joera horiek guztiak erregulatzea eta legeztatzea da".

Eskualdeari dagokionez, egoera ezberdinak daudela mahai-gaineratu du Kontseilu Sozialistak: "Etxebizitzaren eta alokairuen prezio altuak, gazteen emantzipatzeko ezintasuna, herri eta auzoen arteko segregazioa, eta horren ondorio den proletargoaren kanporaketa".

Hori guztia dela eta, Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatua sortu du eskualdean, eta horren berri emango du maiatzaren 12an, 11:30ean, Algortako Villamonte kultur etxean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun