Aste biko kanpaina luze batek EAJren eta EH Bilduren arteko lehia estua aurreikusten zuen atzo, domekan, izan ziren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, eta, oraingoan, inkestek aurreikusitakoa bete da: EAJk eta EH Bilduk berdindu dute eserlekuetan EAEn, 27na bakoitzarentzat, lehenengoek boto gehiago eskuratu dituzten arren. Gurean, Bizkaian, historikoki gertatu den legez, EAJ izan da nagusi, eta 11 eserleku lortu ditu (bat gutxiago 2020ko hauteskundeakaz alderatuta), baina nabarmena izan da EH Bilduren igoera, baita Uribe Kostan ere; 8 eserleku eskuratu ditu lurralde historikoan (aurreko bozetan baino bi gehiago).
Duela lau urteko pandemiak eragindako ezohiko egoera atzean utzita, parte-hartzeak hamar puntu egin du gora EAEn, baita gurean ere. Horri esker, ia alderdi guztiek pilatu dituzte babes gehiago eskualdean aurtengo bozetan, PPk eta EH Bilduk batez ere; hala ere, deigarriena da ezker konfederala deitutako talde bien deskalabrua, banatuta aurkeztuta apenas lortu baitute orain dela lau urteko emaitzak mantentzea: EAEn, Elkarrekin Podemosek sei legebiltzarkide lortu zituen 2020an; orain, Sumarrek soilik lortu du bakarra. Hartara, talde morea Legebiltzarretik desagertuko da legegintzaldi honetan.
Hala, Eusko Legebiltzarrean EAJk eta EH Bilduk 27na eserleku lortu dituzte: alderdi jeltzaleak lau ordezkari galdu ditu eta ezker koalizioak sei irabazi. PSE-EE hirugarren alderdi bozkatuena izan da eta, bi eserleku irabazita, 12 izango ditu legegintzaldi honetan. PP laugarren indarra izan da, eta 7 eserleku eskuratu ditu, bat gehiago lortuta. Sumar lehen aldiz sartuko da Legebiltzarrera, eserleku bategaz, eta Vox alderdi ultraeskuindarrak bere eserlekua mantentzea lortu du.
Uribe Kostan, EAJ izan da indar bozkatuena udalerri guztietan, Lemoizen izan ezik, EH Bildu izan baita lehenengo postua lortu duena udalerri horretan. Parte-hartzearen gorakadaren eraginez, jeltzaleek 3.423 boto gehiago jaso dituzte aurten gurean; koalizio abertzaleak, berriz, 7.174 gehiago. Gainontzeko talde handiek ere handitu egin dute lortutako boto kopurua aurten, Elkarrekin Podemosek izan ezik, Sumarren agerpenaren ondorioz 2.000 babes baino gehiago galdu baititu Uribe Kostan. PSE-EEk beste horrenbeste irabazi ditu, eta PPk, aldiz, 4.430; EH Bilduren atzetik, boto gehien irabazi dituen alderdia da gurean. Vox alderdi ultraeskuindarrak, bere aldetik, 2020an lortutako botoak mantentzea lortu du, soilik 16 boto eskas galduta.
Datuak, herriz herri