David Crestelo: "Errugbia Plentzian nola sortu zen aztertzen duen liburu sakona da"

Ander Zarraga 2024ko api. 24a, 13:55

Besteak beste, Crestelok Plentziako emakumezkoen lehen taldea nola sortu zen ere jaso du bere liburuan.

Kakarraldo Rugby Taldearen ibilbide osoa biltzen duen liburua argitaratuko du David Crestelo plentziarrak. Lan horretan, taldearen hastapenetatik hasi eta 45 urteotan zehar taldeak izan duen bilakaera aztertu du 280 orrialdetan zehar.

"Lehendabiziko taldea Plentziako institutuan sortu zen, gimnasiako irakasleak Bizkaiko txapelketa batean inskribatu zituenean", gogoratu du Crestelok. Hori 1974/75 denboraldian izan zen, baina Kakarraldo taldea Urdulizen jaio zen 1978an, "jokalari urduliztar batzuek bultzatuta". Gogoratu duenez, garai horretan ez zegoen errugbi zelairik, beraz, Plentziako hondartzan entrenatzen zuten.

Hortik abiatuta, taldeak bere historian lortutako tituluak, emakumeen taldearen sorrera, taberna, errugbi eskola eta beste hainbat pasarte bildu ditu liburu horretan. Egileak dioenez, Bizkaiko eta Euskal Herriko errugbiaren zati bat biltzen saiatu da horretan, "halako talde baten historia hain modu sakonean biltzen duten halako liburu oso gutxi daudelako". 

Hori egiteko, besteak beste, Crestelok, hainbat elkarrizketa egin ditu, hemeroteketan arakatzen ibili da eta Plentzia Telebistan gordetako artxiboko hainbat irudi ikuskatu ditu. "Horrelako liburu bat egitea zaila izan da, ni ez naiz historialaria eta ez naiz horretan esklusiboki aritu, baina nik ilusio handiarekin egin dudan lana izan da", adierazi du plentziarrak. 

Liburuaren aurkezpena ekainaren 8an egingo du, baina aldez aurretik, ale bat erreserbatu daiteke lotura honen bitartez, inprimatuko dituen aleak kalkulatzeko. Argitu duenez, lehen aleak gazteleraz egongo dira, baina euskaratzeko bertsioa ere ari da prestatzen. Horren prezioa 30 eurokoa izango da, eta batutako diru guztia Kakarraldo Rugby Taldearentzako izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun