Palestinaren aldeko oihuak ozen entzun dira aste-akabuan Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 13a, 10:28

Gernika-Palestina mugimenduak deituta, ehunaka uribekostar batu ziren zapatuan, eskualdeko hainbat herritan, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko.

Uribe Kostan, Berangon, Erandion, Getxon, Itzubaltzeta/Romon, Sopelan eta Plentzian elkartu ziren zapatuan ehunaka uribekostar, Gernika-Palestina mugimenduak deitutako mobilizazioetan. Deitoratu zutenez, palestinarrena da orain "historiatik erauzi" gura duten herria: "Apenas imajinatu dezakegun horrore berri batekin desagerrarazi nahi dute".

Elkartu ziren herritarrek "genozidio" deitu diote herriaren erauzketa horri, eta okupazioari okupazio: "Soldadurik ez daukan herria soldaduekin erasotzeari ez diogu gerra deituko. Herriari bere ospitaleak kentzeari, bere unibertsitateak suntsitzeari, bere haurren eskolak eta bere haurrak desagerrarazteari ez diogu zibilizazio deituko, ez dugu defentsarako eskubideen izenean onartuko, ez dugu engainu horretan parte hartuko, ez dugu palestinarren herria iruzurraren eta engainuaren aurrean entregatuko".

Gazan gertatzen ari denaren aurrean, humanitatearen kontrako krimenak egotzi zizkioten Israeli, eta iragarri zuten ez zutela amorerik emango, eta ez zirela "Estatu kriminal" baten konplize izango. Hori horrela, datozen asteetan egongo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten, baita elkartasuna adierazi ere mundu zabalean #StudentForGaza dinamikan ari diren ekintzaileei ere.

Ildo horretan, gurean, besteak beste, ikasleek greba egingo dute gaur, astelehenean; manifestazioa egingo dute 12:00etan, Algortako Telletxe plazatik abiatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun