Doinua: Bizitza ez da nehoiz egoiten
Luzaro bizi, laurogeigarren
urtebetetze-eguna;
edo mundua ikustekotan
lau hanketako laguna;
haurra altzoan, sabel barruan,
guraso berri, haurduna;
sorpresa ala esperokoa
gogorra samur-biguna;
halabeharrez hartu behar da
bizitzak dakarkiguna.
Datorren hori asmatzekotan
airera dadoa bota,
kapritxosoa baita sarritan
banaketaren azoka,
nola hasten da? zer da erdian?
zelan amaitzen da soka?
Lasai ibili munduan ala
une orotan borroka,
eguneroko jarduera bat
bihurtzen bada erronka.
Mugikortasun urria ere
patuak badu ekarri,
samurragoa bada, seguru,
lagunduz gero elkarri.
Edonor egon liteke eta
halako batean sarri,
bakardadean zer sentitzen den
inork nahi badu igarri,
beiran begia ipini eta
beraien lekuan (ez) jarri.