Etxebizitza turistikoen goraldiak eztabaida piztu du Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 22a, 09:44

Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak ematen ditu ostatu turistikoak irekitzeko lizentziak eta, 2020an gurean 287 zeuden bitartean, 387 zeuden erregistratuta apirilean.

Gero eta ohikoagoa da gure udalerrietako eta auzoetako atarietan erabilera turistikoko etxebizitzak iragartzen dituzten VT bereizgarriak topatzea. Zehazki, mota horretako ostatuak % 34,8 areagotu dira azken lau urteotan Uribe Kostan, 100 etxebizitza turistiko gehiago izena eman baitute Euskadiko Enpresen eta Turismo Jardueren Erregistroan, gehienak, Getxon (40), Plentzian (15) eta Sopelan (11). Eusko Jaurlaritzako Turismo Saila da mota horietako ostatu turistikoei lizentzia emateko ardura duena, eta horiexek dira ofizialki erregistratuta daudenak. Hala ere, auzokideen hainbat elkarte eta alderdi politiko kexu dira, "askoz gehiago" direlakoan: "Interneteko plataformetan bilaketa bat egitea besterik ez dago hori ikusteko".

Etxebizitza turistikoak ireki eta itxi egiten dira urtez urte, eta, erregistroari erreparatuz gero, lizentzien altak eta bajak topa daitezke egunaren arabera. Besteak beste, Getxo da lizentzien hazkunde handiena izan duena azken urteotan, 2022tik aurrera batez ere –60 lizentzia onartu ditu Jaurlaritzak udalerri horretan urte horretatik aurrera–, baina, tokiko Udalak gogoratu duenez, 2022ko urriaren 19tik aurrera irekitako horiek ez datoz bat udal-ordenantzagaz. Hau da, data horretatik aurrera zabaldutakoak ilegalak dira; zehazki, 49.

Ostatu-mota horiek Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren bidez tramitatzen dira, sail hori baita administrazio eskuduna. Hala ere, Getxoko Udalak jakinarazi duenez, lizentzia hori dagokion udalari jakinarazi behar zaio, hirigintza-diziplinaren arloan egiazta dezan, ondoren txosten bat bueltatzeko lizentzia hori "berretsi edo ukatzeko" tramitazioa has dezan. Ildo horretan, Getxoko Udalak gogoratu du 2022ko urriaren 19tik aurrera Jaurlaritzak udalerrian emandako lizentziak ez datozela legezkotasunagaz bat, "eta Portu Zaharreko denak; horren inguruan ez dago zalantzarik", ohartarazi du Alvaro Gonzalez Kontratazio, Ondare eta Etxebizitza Arloen zinegotziak. Azken kasu horretan, Portu Zaharrean zazpi etxebizitza turistiko daude erregistratuta, "baina gehiago izan daitezke, lizentziarik gabekoak".

Horren aurrean, EH Bilduk neurriak eskatu ditu, eta martxoko Lurraldeko Informazio Batzordean, horren inguruko eztabaidan, Gonzalezek azaldu zuen ilegala den edozein aktibitateren aurrean hartzen diren neurrien bidez jorra dezaketela arazoa, ordenantza baten bidez ezinezkoa delako, "hainbat auzitegik halakoak baztertu dituztelako". Hala, gobernu-taldearen asmoa da jakitea ea etxebizitza horiek bat datozen indarrean dagoen eta garatzen ari diren HAPOakaz, eta, hala ez bada, irekitzearen aurkako txostena egin Jaurlaritzari igortzeko, "berea baita konpetentzia". Oraingoz, baina, kontrola zaila izaten ari dela nabarmendu zuen, eskatutako eskaera kopuruagatik eta informazio hori Getxoko Udalera iristen ez delako. 

Datuok Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak emandakoak dira, 2024ko apirilean. Kopuruak aldakorrak dira, etxebizitza turistikoak erregistroan izena ematen dutenaren arabera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun